Gizartea -

Balantzea

Bizkaiak % 1,3 zabor gutxiago sortu zuen 2012an

Populazioa hazi egin bada ere, hiritarrek sortutako zabor kantitateak 8.000 tonatan egin du behera. Halaber, zaborraren % 74 aprobetxatzea lortu zen.

Artxiboko argazkia
Artxiboko argazkia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaitarrek 620.000 tona zabor sortu zuten 2012an, aurreko urtean baino % 1,3 gutxiago, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur emandako datuen arabera. Halaber, Bizkaian sortzen den zaborraren % 74 aprobetxatu egiten da, era materialean edo energetikoan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saileko arduradunek azpimarratu dutenez, populazioa hazi egin bada ere, zabor gutxiago sortu da. Hala ere, jaitsiera aurreko urteetakoa baino "nabarmen txikiagoa" izan da.

Biztanle bakoitzak urteko sortzen duen hondakin kantitatea nabarmen murriztu da: bizkaitar bakoitzak 543 kilogramo hondakin sortu zituen 2011n, eta 535 kilogramo 2012an. Bizkaiko Diputazioaren arabera, jaitsiera horren arrazoi nagusiak bi dira: kontsumo iraunkorreko politiken sustatzea, eta, batez ere, krisi ekonomikoa.

Iaztik hona, gaikako zabor bilketaren eta birziklatzearen indizeak hobetu egin dira. Etxeko hondakinen indizea % 32,22koa da, merkataritza hondakinena % 56,02koa eta hiri hondakinena % 38,13koa.

2013. urtean zehar hondakinen tratamendu mekaniko biologikorako planta abian jartzearekin batera, gaikako zabor bilketaren eta birziklatzearen arloetan emaitza hobeak lortzeko aukera egongo da, Bizkaiko Diputazioaren arabera. Gaur egun indize horiek hazten doaz urtetik urtera.

Gaikako zabor bilketarekin biltzen diren hondakin guztietatik (239.153 tona), 3370 tona, (% 1,4), berrerabili egiten dira; 700 tona konposta bihurtzen dira eta 208.203 tona era eragingarrian birziklatzen dira. Horrek esan nahi du gaikako bilketa sistemaren bitartez biltzen diren hondakin guztien % 90 berrerabili edo birziklatu egiten dela. Gainerako % 10 horretatik erdia zabortegira eramaten da, eta beste erdia era energetikoan balorizatzen da.

Horrela, Bizkaian kudeatzen diren hondakin guztiak hartuta (672.177 tona), % 38,5  birziklatu egiten da, % 33,6 balorizazio energetikorako erabiltzen da eta  % 27,9 zabortegira eramaten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea