Gizartea -
Bilbon
Emakume eta haur bat lotuta utzi dituzte etxean lapurreta egiteko
Gertakaria joan den otsailaren 18an jazo zen Bilboko Autonomia kaleko etxebizitza batean. Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du gertakariarekin zerikusia duelakoan.
Erredakzioa
Emakume bati eta haur bati eskuak lotu eta eraso egin diete euren etxean lapurreta egin ahal izateko, Bilbon. Ertzaintzaren agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu dute gertakariarekin zerikusia duelakoan.
Lapurreta joan den otsailaren 18an jazo zen Bilbon, Autonomia kaleko etxebizitza batean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Arratsaldeko 14:00ak aldera hiru pertsona emakumea eta haurra zeuden etxean sartu ziren lapurreta egiteko. Horietako batek sukaldeko aizto bat hartu zuen eskuan eta emakumeari eta haurrari sofan eseritzeko agindu zien. Ondoren, eskuak lotu zizkieten eta tapaki batekin estali zituzten.
Une batean emakumeak eskuak lotzeko jarri zizkioten soka askatzea lortu zuen, baina, lapurrak, ohartu eta buruan kolpe bat eman ostean berriro lotu zuten.
Dirua, bitxiak, ordulariak, ordenagailu eramangarriak eta kutxa gotor bat lapurtu zituzten.
Ertzaintza gertakaria ikertzen ari da. Asteazken arratsaldean 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten gertakariarekin zerikusia duelakoan. Atxilotuak, antza, aurrekari ugari ditu. Horrez gain lapurretan parte hartu zuten beste bi pertsonen bila ari dira agenteak.