Gizartea -
Jazoera
Basoko sute batek 50 hektarea kiskali ditu Jaizkibel mendian
Jaizkibel mendiko sutea hiru leku ezberdinetan piztu zen atzo gauean eta 08:00ak aldera kontrolpean geratu da.
Erredakzioa
Basoko sute batek 50 hektarea kiskali ditu Jaizkibel mendian, Pasaian (Gipuzkoa). Batik bat sasitza eta larrea dagoen azalera erre da atzo gauean piztu zen sutearen ondorioz.
Gipuzkoako Aldundiak ohar batean esan duenez, lehen abisua 23:30ean jaso zuten eta teknikariak eta suhiltzaileak joan ziren bertara.
Itsasaldeko zonaldean piztu zen sutea eta haizearen eraginez, sugarrak segituan hedatu ziren.
Guztira 25 lagun egon dira lanean eta 07:30ak aldera kontrolpean geratu da sutea. Hala ere, suhiltzaileek zaintzapean jarraitzen dute.
Sutea Zuian
Bestalde, elkarri atxikitutako etxe batean piztutako sute baten ondorioz, zazpi lagun etxetik atera behar izan dituzte Zuian (Murgia, Araba), Radio Euskadik jakinarazi duenez. Sugarrek ondoko etxebizitza bat ere kaltetu dute.