Gizartea -
Gertakaria
Guardia Zibilak patera bat hondoratu zuela frogatu dute bideo batean
Kanpo Zaintzarako Sistema Integraleko kamara batek grabatutako bideoak agerian uzten du Guardia Zibilaren ontziak patera jo zuela. Talkaren ondorioz marokoar bat hil eta sei desagertu ziren.
Erredakzioa
Lanzaroteko Kanpo Zaintzarako Sistema Integraleko (SIVE) kamara batek grabatutako bideoak agerian uzten du Guardia Zibilaren ontzi batek marokoarrak zeramatzan patera bat hondoratu zuela. Talka horren ondorioz marokoar bat hil eta sei desagertu ziren.
Ser irrati-katearen webgunean zabaldutako bideoan argi eta garbi ageri da Guardia Zibilaren txalupa bat patera jotzen, abenduaren 13ko goizaldean.
Abenduaren 18an Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak azaldu zuenez, Guardia Zibilak patera gelditzea erabaki zuen harriz betetako gune arriskutsu batera bidean zihoalako.
Ohar ofizial horren arabera, ezbeharra gertatu baino ordu erdi lehenago, Cabaleiro ontziak matxura izan zuen propulsatzaileetako batean eta horrek "maniobrak egiteko gaitasuna murriztu zuen nabarmen" eta, beraz, ezinezkoa egin omen zitzaion patera saihestea.
SIVEren kamera batek gertatutako guztia grabatu zuen 1.200 metroko distantziatik, Costa Teguisetik.
Immigranteen abokatuek salatu dutenez, bideoak agerian uzten du Guardia Zibilak "zabarkeriaz" jokatu zuela, paterara gerturatzeko protokoloak errespetatu ez zituelako, nahiz eta talka egiteko asmorik ez izan.