Gizartea -
Gertakaria
Gizon bat atxilotu dute, alabaordeari erasotzea egotzita
Atxilotuak 83 urte ditu eta, ustez, aizkora batekin ere eraso dio alabaordeari. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute, larri.
Erredakzioa
83 urteko gizon bat atxilotu dute Barakaldon, alabaordeari labana batez erasotzea eta aizkora batez jotzea leporatuta. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute, larri, zauri ugari zituela.
Ertzaintzak azaldu duenaren arabera, gertakaria 03:50 aldera izan da, Barakaldoko Arrontegi auzoan. Ordu horretan, bizilagun batek Ertzaintzari deitu dio, emakume bat laguntza eske ari zela jakinarazteko.
Patruila bat bertaratu denean, etxebizitzako atea jo du eta arropa odolarekin zikinduta zuen gizon batek ireki du. Ertzainak etxebizitzan sartu dira eta biktima ohean topatu dute.
Emakumeak salatu duenez, eztabaida izan dute eta gizonak labanarekin eraso dio.
Ertzainek ustezko egilea atxilotu dutenean, labana odoleztatu bat aurkitu diote poltsikoan eta ohe ondoan, ustez, biktima jotzeko erabili duen aizkora bat topatu dute. Atxilotua epailearen aurrera eramango dute datozen orduetan.