Gizartea -
Karate auzia
302 urteko zigorra, pederastiagatik egindako epaiketa handienean
Fernando Torres Baena karate irakaslea 35 sexu abusu egiteagatik eta 13 adingabe galbidean jartzeagatik kondenatu dute.
Erredakzioa
Las Palmasko (Kanariar Uharteak) Epaitegiak 302 urteko espetxe zigorra ezarri dio Karate auziko inputatu nagusiari, Fernando Torres Baena irakasleari, pederastiagatik Espainian inoiz egindako epaiketa handienean. Hain zuzen ere, 35 sexu abusu egiteagatik eta 13 adingabe galbidean jartzeagatik kondenatu dute.
Era berean, 148 urteko zigorra ezarri diote Torres Baenaren emazteari, Maria Jose Gonzalezi; eta 126 urtekoa Ivonne Gonzalez karate irakasleari. Bi kasuetan, hainbat adingaberi sexu abusuak egitea eta horiek galbidean jartzea egotzi diete.
Dena dela, auzitegiak absolbitu egin du laugarren inputatua, beste irakasle bat.
Epailearen esanetan, auziak ez du "aurrekaririk" Espainiako justiziaren historian, 50 pertsona ingururi sexu abusuak egin zizkietelako, 20 urtez, "horien adina edo sexua kontuan hartu gabe ere".
Horrenbestez, delitu horiek Zigor Kodean aurrez ikusitako "zigor handiena" merezi dutela nabarmendu du epaimahaiak.
Halaber, tankera honetako delituengatik aurrez ikusitako zigorrak zorrozteko eskatu die legegileei. Izan ere, kondenatuek gehienez beteko duten zigorra (20 urte) ez dela "nahikoa" uste dute.