Gizartea -
Istripua
Gas-ihes batek zirkulazio arazoak eragin ditu Gasteiz erdialdean
Isuria zezen-plaza berritzeko lanetan gertatu da, eta goizean zehar zirkulazio arazo handiak izan dira erdialdean. Gas-ihesa larria izan da, baina ez da inor zauritu.
Erredakzioa
Gas-ihes larria gertatu da asteazken honetan Gasteizen, eta, ondorioz, zirkulazioa moztu behar izan dute erdialdean eta bost orduz gas-hornidurarik gabe gelditu dira 106 familia, Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez. Istripuan ez da inor zauritu, gas-ihesa larria izan bada ere.
08:50 inguruan, zezen-plaza aurrean dagoen Green Capital plazan lanean ari diren langileek 80 zentimetroko gas hodi bat zulatu dute, ustekabean.
Ezbeharraren larritasuna ikusita, hesitu egin dute ingurua eta itxi egin dute ibilgailuentzat. Ondorioz, auto-ilara handiak sortu dira Gasteiz erdialdean; izan ere, hiriko hainbat kale garrantzitsuk bat egiten dute plaza horretan.
Bestalde, Naturgaseko langileek gas-hornidura eten dute Gasteiz erdialdean, eta bost orduz 106 familia gasik gabe gelditu dira. Hala ere, 14:00ak aldera berrezarri dute gas-hornidura.
Green Capital plaza berritzen ari dira, besteak beste, lorategiak, bideak, argiteria eta haurrentzako parkea atonduko dituzte.
Azaroaren 21ean beste gas-ihes bat gertatu zen plaza horretan bertan, eta orduan ere zirkulazioa itxita egon zen.