Gizartea -
Gertaera
Gizon bat larri zauritu da Mendabian, motokultore batek harrapatuta
Zauriak ditu sorbaldan, buruan eta besoan. Zaurien larritasuna ikusita, Logroñoko ospitalera eraman dute eta besoa moztu diote.
Erredakzioa
76 urteko nekazari bat larri zauritu zen atzo Mendabian (Nafarroa), motokultore batek harrapatuta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Makinaren azpian harrapatuta gelditu zen gizonezkoa, eta zauriak egin zituen sorbaldan, buruan eta besoan.
Pertsona batek SOS Nafarroa 112 zerbitzura deitu zuen 13:00ak aldera, istripuaren berri emateko, Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez.
Lodosako suhiltzaileak erreskatatu zuten gizonezkoa. Antza denez, motokultorearen azpian harrapatuta zegoen, eta zauriak zituen sorbaldan eta buruan, eta besoan.
Eskualdeko osasun-etxean artatu zuten lehenengo, baina gero Logroñoko ospitalera eraman zuten. Besoan zituen zaurien larritasuna ikusita, besoa moztu zioten gizonezkoari.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.