Gizartea -
Gertaera
Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, beste bati mehatxu egiteagatik
Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu du, eta pistola bat atzeman diote bere etxean. Suzko arma erabilita heriotza mehatxua egitea leporatu diote.
57 urteko gizonezko bat atxilotu dute Donostian, pistola bat erabilita beste pertsona bati mehatxu egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Biktimak Ertzaintzari dei egin zion gauerdian , kalean ezagun batek pistolarekin mehatxu egin ziola esanez. Mehatxu egin ostean etxera joan omen zen ustezko erasotzailea.
Gertaeraren tokira ertzainak bertaratu ziren, eta biktimarekin hitz egin ostean ustezko erasotzailearen etxera joan ziren. Etxean aurkitu zuten gizonezkoa, eta hark bere bertsioa kontatu zien ertzainei.
Pistolarik ez zuela adierazi bazuen ere, hozkailuan aurkitu zuten suzko arma ertzainek. Identifikatu ostean, atxilotu egin zuten gizonezkoa suzko arma erabilita beste pertsona bati mehatxu egitea egotzita.