Gizartea -
Supermerkatu batean
Gizon bat atxilotu dute Bilbon urdaiazpikoa lapurtzen saiatu ostean
35 urteko gizonezkoa Zabalburu Plazako supermerkatu batean lapurreta egiten saiatu da eta segurtasun agenteei aurre egin die. Indarkeriaz egindako lapurreta egotzi diote.
Erredakzioa
35 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bilbon indarkeriaz egindako lapurreta egotzita. Zabalburu Plazako supermerkatu batean 16 pakete urdaiazpiko lapurtzen saiatu da gizona. Halaber, supermerkatuko segurtasun agenteei aurre egin die, ihes egiten saiatu denean.
Segurtasuna Sailak jakitera eman duenez, jazoera larunbat honetan izan da, 16:30ak aldera. Herri-segurtasunarekin lotutako lanak egiten zebilen ertzain bat lapurreta saiakeraren lekukoa izan da. Zabalburu Plazako supermerkatu batetik segurtasun agente batek beste gizonezko baten atzetik korrika egin duela ikusi du ertzainak.
Egoera ikusita, bi ertzain bertaratu dira eta lapurreta saiakeraren salaketa jaso dute. Dirudienez, gizonezko bat 16 pakete urdaiazpiko lapurtzen saiatu da, eta supermerkatuko agentek hura ekiditen saiatu direnean, horrek indarkeriaz aurre egin die.
Handik gutxira, urdaiazpikoa zeraman gizonezkoa identifikatu du Ertzaintzak, eta bertan atxilotu du, indarkeriaz egindako lapurreta leporatuta.