Gizartea -
Erlijioa Euskadin
Euskadiko gazteen % 4 baino ez dira katoliko praktikanteak
Gazteen % 34 katolikoak dira, eta % 54k fedegabeak, ateoak edo agnostikoak direla esan dute.
Erredakzioa
Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte arteko pertsonen herenek katolikoak direla esan zuten iaz. Hala ere, horien % 4k aitortu zuten katoliko praktikanteak direla, Gazteen Euskal Behatokiak aztertutako datuen arabera.
Katolikoak diren gazteen ehunekoa nabarmen murriztu da. Hala, 1998an Euskadiko gazteen % 59 katolikoak zirela esan bazuen ere, 2008an % 37ra murriztu zen kopuru hori, eta 2012an % 34k jo zuten bere burua katolikotzat.
Katoliko praktikanteak diren gazteen artean berdina gertatu da. Horiek 1998an % 14 izatetik % 7 izatera pasatu dira 2008an, eta % 4ra 2012an.
Gazte fedegabe, ateo edo agnostikoen kasuan, alderantzizko joera izan da. Horien portzentajea handitu egin da, eta 1998an % 31 izatetik 2008an % 59 eta 2012an % 54 izatera pasatu dira.
Bestalde, beste erlijio batzuetako sinestedunak direla aitortu duten gazteen ehunekoa handituz joan da pixkanaka. Hala, 1998an % 1 izatetik 2008an % 2 eta 2012an % 5 izatera pasatu da. Igoera hori etorkin kopurua handitzearekin batera gertatu da. Izan ere, gazte etorkinak 2001ean Euskadiko gazteriaren % 2,4 izatetik % 11,2 izatera pasatu ziren 2008an. 2012an, berriz, EAEko gazteen % 14,4 ziren.
Espainiako gazteriarekin alderatuz gero, euskal gazteriaren sekularizazioa nabarmena da. Espainiar gazteen % 56k katolikoak direla esan dute, eta % 36k fedegabeak, ateoak edo agnostikoak direla. Euskadiko gazteen artean, datu horiek irauli egiten dira. Izan ere, % 34k katolikoak direla aitortu dute, eta % 54k ateo, fedegabe edo agnostikotzat jo dute bere burua.
Bestalde, Euskadiko gazteen datuak taldeka aztertuz gero, 20 urtetik beherakoen artean katoliko gehiago daude (% 41). 20 eta 24 urte arteko gazteen artean, % 29k esan dute katolikoak direla; eta, 25 eta 29 urte artekoen artean, berriz, % 33k. Sexuaren arabera, nesken artean katoliko gehiago daude (% 37) mutilen artean baino (% 31).
Euskal Autonomia Erkidegoan, Bizkaian jo dute gehien bere burua katolikotzat (%38). Araban, gazteen % 36k agertu dute bere burua erlijioso moduan, eta, Gipuzkoan, berriz, % 26k.