Gizartea -

Ordu aldaketa

Udako ordutegia indarrean sartu da

Energia aurrezteko asmoz, goizalde honetan ordua aurreratu dugu. Hori dela eta, igandea laburragoa egingo zaigu.

Igandean ordulariak ordubete aurreratu beharko ditugu: 02:00etan 03:00ak izango dira. Irudia: EFE
Igandean ordulariak ordubete aurreratu egin beharko ditugu: 02:00etan 03:00ak izango dira.
Igandean ordulariak ordubete aurreratu beharko ditugu: 02:00etan 03:00ak izango dira. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan, martxoaren 31n, udako ordutegiari heldu diogu. Ondorioz, erlojuak ordubete aurreratu behar izan ditugu ahalik eta energia gehien aurrezteko eta eguzkiaren argiari probetxu handiagoa ateratzeko.

2001ean, ordu-aldaketa martxoko eta urriko azken igandeetan egitea erabaki zuten.

Hala, herritarrok ordubete gutxiago izan dugu lo egiteko, 02:00etan erlojuek 03:00ak direla adierazi baitigute.

Ordu-aldaketa 1974an zabaldu zen, petrolioaren lehen krisiarekin batera. Orduan, herrialde batzuek eguzki-argia gehiago aprobetxatzea eta argindar gutxiago kontsumitzea erabaki zuten.

Aldekoak eta kontrakoak

Ordu-aldaketarekin, Espainiar Estatuko etxebizitzetako argiztapenean 300 milioi euro inguru aurreztuko dira (6 euro etxebizitza bakoitzeko eta 210 euro eraikinetan eta industrian), Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera.

Ordu-aldaketaren kontra dagoenik ere bada. Horien arabera, ordu-aldaketak eragin txarra dauka gizakien eta animalien osasunean, batez ere melatoninari lotuta, proteina horrek antolatzen baitu lo egiteko ohitura.

Eraginak osasunean

Aldaketak eraginak ditu gizakion gorputzean; arinak, baina osasunari lotutakoak. Adituen arabera, ondorioak behin-behinekoak dira pertsona osasuntsuen kasuan. Gorputza hiruzpalau egunetan ohitzen da udako ordutegira. Hala ere, estatistika batzuek diotenez, istripuen tasak zertxobait gora egiten du ordu-aldaketaren ondorengo egunetan.

Adituek zenbait gomendio ere ematen dituzte aldaketari ahalik eta ondoen aurre egiteko; siesta egiteko denbora murriztea eta aldaketaren aurreko egunetan 15 minutu lehenago jaikitzea, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ordu aldaketa