Gizartea -

Giza burmuinaren mapa

Zientzialari batek “historikotzat” hartu du Obamaren proposamena

Barack Obama presidente estatubatuarrak Rafael Yuste irakasleak zuzenduko duen burmuinaren mapa irudikatzeko proiektua aurkeztu du gaur.

Barack Obama AEBetako presidentea proiektua aurkezten. EFE.
Barack Obama AEBetako presidentea proiektua aurkezten. EFE.
Barack Obama AEBetako presidentea proiektua aurkezten. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Yuste ikertzaileak, Barack Obama AEBetako presidenteak gaur aurkeztutako ikerkuntza neurologikoaren bultzatzaileetako batek, zientziarako "momentu historikoa" dela uste du.

"Une historikoa da gizateria ohartzen hasi delako beharrezkoa dela burmuinak zelan funtzionatzen duen jakitea. Ezin dugu jarraitu burmuinaren zirkuituek zelan funtzionatzen duten jakin barik", adierazi du Yustek elkarrizketa batean.

Garuneko gaixotasunak "gaitzak dira", eta, beste gaitz batzuekin alderatuta, "burmuina ez ulertzea da arazoa, horregatik ezin ditugu sendatu", azpimarratu du Columbia Unibertsitatean (New York) zientzia biologikoak eta neurozientziak lantzen dituen irakasleak.

"Auto batek zelan funtzionatzen duen jakin barik hura konpontzen saiatzea bezalakoa da", azaldu du, eta garuna "nahiko ezezaguna da", gaineratu du.

Obamak gaur Etxe Zurian aurkeztu duen iniziatibak urtero 100 milioi dolar erabiltzea aurreikusten du hamar urtez, "neurona-zirkuituen aktibitate osoaren mapaketa egiteko teknikak garatzeko", azaldu du Yustek. Horretarako, AEBetako ikerketa agentzia federalak eta laborategi zientifikoak elkarlanean arituko dira.

Rafael Yuste 2012ko ekainean Neuron aldizkarian argitaratu zuten artikulu baten egile nagusia izan zen. Bertan, Columbia Unibertsitatean 16 urtez egindako lanetan oinarrituta, gaur aurkeztutako ekimenaren zirriborroa egin zuen.

Ikerlariak ohartarazi duenez, hamar urteko epea "ez da nahikoa izango", izan ere, teknikak garatzeko eta horiek erabiltzeko, 15 edo 20 urte beharko direla uste du.

Gizaki baten burmuinak 100.000 milioi neurona dituela eta horien artean 10.000 konexio daudela nabarmendu du Yustek. Eta "zelan funtzionatzen duen ez dakigun giza gorputzeko atal bakarra da", gaineratu du.

Ikertzailea zuhur eta errealista agertu da. Horren esanetan, gauza bat da garun-zirkuituen funtzionamenduaren mapa bat sortzea eta beste bat buruko gaixotasunak sendatzea, eta, azken horretarako, oraindik "bide luzea gelditzen zaigu".

"Ez dut uste mota horretako gaixotasunak hamar urteko epean sendatzeko aukerarik egongo denik, baina lanean jartzen bagara eta teknika horiek garatzen baditugu, sendatzea lortuko dugu", baieztatu du.

Zientzialariak AEBetako Gobernuaren erakundeen, laborategi handien eta informatika enpresa garrantzitsuen arteko elkarlana azpimarratu du; izan ere, lanaren emaitzak "hodeian" partekatzeko aukera eskainiko dute.

"Izugarria izan da, tartean sartuta dauden alde guztiek laguntza aurkeztu dute", adierazi du.

Rafael Yuste madrildarra da, eta 26 urte daramatza AEBetan, baina "sustraiez harro" dago. Horren esanetan, esperientzia honek "AEBetan zelan funtzionatzen duten erakusten du: pertsona batek ideia bat iradoki zuen, eta, urtebete geroago, ideia hori Etxe Zurira heldu zen, presidentearen laguntzarekin".

Halaber, ideia aurkeztu eta Washingtonen forma hartu arte, ez da jabetze zein bideratze aldaketarik egon inoren partetik, gaineratu du. "Oso pozik nago, proiektuan lanean jartzeko irrikan nago", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea