Gizartea -

Urdangarin auzia

Errege Etxearen urte ilunena

Erregearen elefante ehizak urtebete betetzen duenean etorri da Cristina infantaren inputazioa.

Juan Carlos I.a erregea eta Corinna zu Sayn-Wittgenstein. EITB
Juan Carlos I.a erregea eta Corinna zu Sayn-Wittgenstein. EITB
Espainiako Errege Etxearen urte beltza

1:40

D.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina infantaren inputazioa Juan Carlos I.a Espainiako erregeak Botswanan egindako elefante ehiza polemikoaren lehen urteurrenean etorri da (hilaren 13an beteko da urtebete).

Harrezkero, Monarkiaren irudiak txarrera egin du, eta egun bere une zailenak bizi ditu. Testuingurua ere aurka dauka: agintarien ustelkeria herritarren bigarren kezka nagusia da, langabeziaren atzetik, Espainiako Ikerketa Zentroaren (CIS) azken barometroaren arabera.

Errege Etxearen annus horribilis hau iazko otsailean hasi zen, Iñaki Urdangarin Palmako dukea Noos auzian inputatu zutenean. Handik bi hilabetera, erregearen iloba zaharrenak, Felipe Juan Froilanek, oinean tiro egin zuen, aitarekin, Jaime de Marichalarrekin, praktikak egiten ari zela. Froilan 13 urtekoa zen une horretan, baina 14 urtez azpikoek debekatuta duten arma bat zeraman.

Juan Carlos I.ak ez zuen iloba bisitatu ospitalean, Botswanan baitzegoen, luxuzko safari batean elefanteak ehizatzen. Erregeak aldaka hautsi zuelako eta ospitaleratu behar izan zutelako izan zuten horren berri hedabideek.

El rey cazando en Botsuana

Juan Carlos I.a Espainiako erregea, Botswanan elefanteak ehizatzen

Apirilaren 18an ospitaletik atera zenean, erregeak barkamena eskatu zuen: "Sentitzen dut, hanka sartu dut, ez da berriz gertatuko".

Bezperan, 2012. urteko apirilaren 17an, Urdangarinen bazkide ohiak, Diego Torresek (Noos auzian inputatuta dago), hainbat mezu elektroniko igorri zizkion Jose Castro epaileari. Erregeak Urdangarinen negozioen alde egin zuela erakusten omen dute horiek.

Polemikak baretzeko eta bere irudia hobetzeko helburuz, estatuburuak elkarrizketa bat eskaini zion aurtengo urtarrilean Jesus Hermida kazetari ospetsuari. Horretan, ez diola karguari uko egingo nabarmendu zuen: "Sasoi onean nago, energia eta ilusio handia ditut".

Handik aurrera, Corinna zu Sayn-Wittgenstein, erregearen lagun-mina, izan da polemika gehienen protagonista. Horren izena Botswanako safarian entzun zen aurrenekoz, baina ez azkenekoz.

Aurtengo otsailean, adibidez, Iñaki Urdangarinek eta Corinna zu Sayn-Wittgensteinek elkarrekin hainbat kudeaketa egin zituztela eta erregeak horrek berri bazuela erakusten saiatu zen Diego Torres, Castro epaileari hainbat mezu elektroniko igorrita.

Corinna erregea eitb

Corinna zu Sayn-Wittgenstein, Juan Carlos I.a, Patrick Mavros bitxigile britainiarra eta Alexander horren semea, Madrilgo Ritz hotelean

Hilabete horretan, gainera, Espainiako Gobernuarentzat lan "zuhurrak eta sekretuak" egin dituela aitortu zuen Sayn-Wittgensteinek berak, elkarrizketa batean. Adierazpen horien ondorioz, Espainiako Inteligentzia Zentroko (CNI) zuzendariak azalpenak eman behar izan zituen Kongresuan, ateak itxita.

Infantaren inputazioa heldu aurreko azken polemika duela astebete eskas jazo zen. Orduan, erregearen aitak, Juan Borboikoak, oinordetzan 1.100 milioi pezeta utzi zizkiola argitaratu zuen El Mundo egunkariak. 728 milioi pezeta paradisu fiskal batean zeuden, Suitzan. Hau da, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak (Gurtel auzian inputatua dago) dirutza ezkutatu zuen leku berean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea