Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ares: 'Egin behar nuena egin nuen: erantzukizuna onartu'
Herrizaingo sailburu ohia epailearen aurrean deklaratzeko prest agertu da, betiere epaileak deitu egiten badu.
David Perez
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiak Iñigo Cabacas auzian "egin behar nuena" egin zuela adierazi du gaur, hau da, "erantzukizuna onartu".
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan elkarrizketa egin diote gaur buruzagi sozialistari, urtebete baita Iñigo Cabacas Athleticeko zaleak buruan Ertzaintzaren pilotakada bat jasota hil zela. Une horretan, Rodolfo Ares EAEko Poliziaren buru gorena zen.
Hori horrela, gaztea hil eta gero "berehala" Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuela esan du Aresek. "Gainera, auzia epaitegiaren esku geratu zenean, hainbat pertsona jarri genituen epailearen esku, ikerketa egin zezan", erantsi du.
Sailburu ohiaren esanetan, "auzia justiziaren esku dago orain, eta hori da ikerketa azkenera iritsiko den berme onena".
Halaber, zale zurrigorriaren heriotzaren ostean, istiluen aurkako materiala ordezkatzeko agindua "aurreratu" egin zuela nabarmendu du.
"Ertzaintzak ehunka edo milaka pilota jaurti ditu, eta ez da inoiz heriotzarik izan. Kasu honetan bai, heriotza bat izan da, eta ikertu egin behar da", berretsi du.
Bestalde, Ares deklaratzeko prest agertu da, instrukzio-epaileak deitzen badio. "Ez nuke arazorik izango", zehaztu du.