Gizartea -
Heriotza
Joxean Lizarribar Euskarazko Komunikazio Taldeko presidentea hil da
Lizarribar (Altzo, 1951) birus baten ondorioz hil da 62 urte zituela. Lizarribarrek arrasto nabarmena utzi du euskarazko hedabideen sorreran eta sustapenean.
Erredakzioa
Joxean Lizarribar (Altzo, 1951) birus baten ondorioz hil da 62 urte zituela. Bere osasunak hainbat gora-behera izan ostean hil da. Emaztea eta hiru seme-alaba zituen.
2000tik Egunkaria-ko administrazio kontseiluko kide izan zen, eta 2003an hartu zuen Lizarribarrek EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko presidente kargua (orain, BERRIA Taldea). "Lehenengoa bezalako egunkaria egin behar dugu: independentea eta zabala", esan zuen 2003ko ekainaren 12an Egunero kazetak argitaratu zuen elkarrizketan.
Joxean Lizarribar Altzon (Gipuzkoa) jaio zen 1951. urtean. KELSEN enpresako kudeatzailea, zuzendari nagusia zen gaur egun. Labeak egiteko adreiluak egiten dituzte altzairuaren ekoizpenerako, enpresa horretan, eta bere lanbidea tarteko, asko bidaiatu du mundu osoan.
Lizarribar enpresa munduarekiko ez ezik, euskalgintzarekiko ere konpromiso handiko gizona izan da. Betidanik izan du lotura handia euskal kulturarekin. 2000. urtetik Egunkaria S.A.-ko administrazio kontseiluko kide izan da, eta duela 10 urte, Egunkaria itxi ondoren sortu zuten Euskarazko Komunikazio Taldeko presidentetza hartu zuen, eta zeregin hori bete du orain arte.
Egunkaria-ren itxiera eta atxiloketak, eta Egunkaria-ri lotuta oraindik ixteko dagoen auzi ekonomikoa barru barrutik bizi izan ditu Lizarribarrek.
Euskarazko Komunikazio Taldeko presidente ardura hartu berritan, Berria egunkariaren lehen zenbakiaren bezperetan elkarrizketatu zuen Euskadi Irratiak duela 10 urte.
Joxean Lizarribarrek arrasto nabarmena utzi du euskarazko hedabideen sorreran eta sustapenean.