Gizartea -

Semea jo zuelakoan

Bretonek ukatu egin du semeari zaplaztekorik eman izana

Umearen aitak esan du faltsua dela bere semea jo zuela merkataritza-gune batean.

Jose Breton akusatu moduan deklaratzen. EFE.
Jose Breton akusatu moduan deklaratzen. EFE.
Jose Breton epaitegian izan da semeari eragindako ustezko tratu txarrengatik

0:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Bretonek, 2011ko urriaren 8an Ruth eta Jose seme-alabak ustez hil eta erre zituen aitak, ukatu egin du 2011ko abuztuan semeari zaplaztekorik eman izana beste lagun batzuekin Kordobako merkataritza-gune batean zeudela.

Jose semeari tratu txarrak eman izana egotzi diote Bretoni. Lekukoen arabera, gertakaria 2011ko abuztuaren 23an jazo zen, merkataritza-gune bateko jatetxe batean zeudela.

Beste kasu batean azpikeriazko bi hilketa delitu egotzita epaitu zuten gizonezkoak gaurko bistan esan du faltsua dela bere semea jo zuela egun horretan. "Ez nintzen inoiz ausartuko semeari zaplaztekorik ematen", adierazi du.

Epaiketan, egun hartan ume txikiak "patxadan lo egin" zuela zehaztu du, "eta ez zuen inolako markarik aurpegian", gaineratu du. Hala, "errugabea" dela eta "kontaketa errealitatearekin bat ez" datorrela esan du.

Onartu egin du egun horretan emazte ohiarekin, seme-alabekin eta beste lagun batzuekin El Arcangel merkataritza-gunera afaltzera joan zela.

Bretonen hitzetan, zaplaztekoa ematen ikusi omen zuen lekukoak agian inbidia dio "tenisean beti irabazten niolako senarrari".

Bere aldetik, lekukoak zehaztu duenez, gertakariak abuztuaren 23an jazo ziren, jatetxe batean, bera, bere alaba bat, Breton eta Jose umea akusatuaren emazte ohiaren, bere alaben eta lekukoaren senarraren zain zeudela, menua eskatzen zuten bitartean.

Horren arabera, halako batean, "umea mahaia miazkatzen hasi zenean, Bretoni horren berri eman nion, eta horrek harrituta utzi ninduen, semeari zaplaztekoa eman baitzion".

"Umea ezer gertatu ez balitz bezala geratu zen. Hori dela eta, lehenengo aldia ez zela edo minik ez ziola egin pentsatu nuen", esan du lekukoak.

Defentsaren abokatuak lekukoari aurre egin dio, "zu ziur zaude Bretonek seme-alabak hil dituela" esanez, baina epaileak eten egin du, hitz horiek "desegokiak" direla iritzita.

Lekukoaren senarrak emaztearen bertsio berdina kontatu du, eta janariarekin mahaira bueltatu zenean, Jose txikiak ez zuela markarik eta ez zegoela negarrez esan du.

Horiek entzun ostean, Fiskaltzak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du; akusazio partikularrak (haurren amak) urtebetekoa, eta defentsak aske uzteko eskaera egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea