Gizartea -
Iruzur fiskala
38 urteko kartzela zigorra, Ogasunari 25 milioiko iruzurra egiteagatik
Auzitegi Nazionalak Gipuzkoako Ogasunari iruzurra egitea egotzi die Juan Ramon Reparaz enpresariari eta horren aholkulari fiskalari. Halaber, beste bi lagun absolbitu egin ditu.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak 38 urteko kartzela zigorra ezarri dio Juan Ramon Reparaz enpresari donostiarrari, Gipuzkoako Ogasunari 25 milioi euroko iruzurra egiteagatik. Kasuko epailearen arabera, frogatuta gelditu da 1999 eta 2006 urteen artean dirua ezkutatu ziola ogasunari, egoitza Panaman, Belizen, Irlandan, Erresuma Batuan edota Espainian zuten sozietateen bitartez.
Halaber, 21 urteko kartzela zigorra ezarri diote Luis de Miguel abokatu eta aholkulari fiskalari, Reparaz enpresariari haren errenta eta ondasunak ezkutatzen laguntzeagatik.
1994. urteaz geroztik, Reparazen aholkularia izan da De Miguel eta Gürtel auzian inputatuta dago, dirua zuritzeko egiturak sortzea egotzita.
Halaber, Reparazek 25.428.126,21 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Gipuzkoako Ogasunari, eta beste ia 28 milioi euroko isuna ordaindu beharko du Ogasun publikoaren kontrako hainbat delitu egitea eta kapitala zuritzea egotzita. Bestalde, 19 milioi euro pasatxoko isuna ezarri dio Auzitegi Nazionalak De Migueli. Hala ere, Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztu dezakete.
Epaileak absolbitu egin du enpresariaren semea, aita egiten ari zenaren gaineko informaziorik ez zuela argudiatuta. Egotzitako karguetatik libre gelditu da halaber Reparazen bazkidea, epaileak ezin izan baitu frogatu haren parte-hartzea.
Laugarren prozesatu bat, hain zuzen ere, Reparazen enpresa bateko langilea, absolbitu egin du epaileak, nagusiak eskatutakoa besterik ez zuela egin ulertuta.
Gipuzkoako Foru Aldundia
Enpresaburuari ezarritako zigorra baloratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta dirua itzul dezan "baliabide guztiak" erabiliko dituela erantsi du.
Epaia agiri batean baloratu du Aldundiak. Ebazpena ezagutu ostean, Aldundia pozik agertu da "azken urteetako iruzur handiena zigortu dutelako".
"Auzitegiak ezarritako diru kopurua berreskuratzea oso zaila dela badaki Aldundiak, baina eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu helburua lortzeko, eta herritarren diru hori itzultzeko zirt edo zart egingo du", esan du.