Gizartea -
Manzanares
Gizon batek bi seme-alabak eta amaginarreba hil ditu Ciudad Realen
Aurreneko ikerketen arabera, aitak 14 eta 5 urteko bi seme-alabak eta amaginarreba hil ditu arma batekin. Ondoren, bere buruaz beste egin du.
Erredakzioa
Gizon batek bi seme-alabak eta amaginarreba hil ditu Manzanaresen (Ciudad Real), ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Krimena egin ostean erasotzaileak bere buruaz beste egin du.
Gobernuaren Ordezkaritzak agiri batean jakitera eman duenez, Guardia Zibilak lau pertsonen gorpuak topatu ditu etxebizitza batean, ostiral honetan.
Familia bereko lau kide dira, eta aurreneko ikerketen arabera, aitak 14 eta 5 urteko bi seme-alabak eta amaginarreba hil ditu arma batekin. Ondoren, bere buruaz beste egin du.
Agenteak 17:00etan sartu dira etxebizitzan, herriko bizilagunek Guardia Zibilari abisua eman ostean.
Gaztela-Mantxako Larrialdi Zerbitzuetako iturriek azaldu dutenez, gorpuak aurkitu dituzten etxebizitza Manzanareseko San Francisco de Asis kalean dago.
Gertakariak jazo diren tokian Guardia Zibila, Udaltzaingoa, Manzanareseko suhiltzaileak, bi anbulantzia eta larrialdietako mediku bat bertaratu dira.