Gizartea -

Iñigo Cabacasen heriotza

Aresek legebiltzarkide izateari uztea eskatu du EH Bilduk

Ertzaintzaren arduradunen arteko elkarrizketak argitaratu ostean, Aresen dimisioa eskatu du EH Bilduk, "legitimotasun politikorik ez" duelako.

Julen Arzuaga eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak. EFE
Julen Arzuaga eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak. EFE
Julen Arzuaga eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak. EFE

Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares PSEko legebiltzarkidearen dimisioa eskatu du gaur EH Bilduk. Iñigo Cabacas hil zuten gaueko Ertzaintzaren arduradunen arteko elkarrizketak argitaratu ostean, dimisioa eskatu du EH Bilduk, Aresek jarraitzeko "legitimotasun politikorik ez" duelako.

Horrela, EH Bilduko taldeak Herrizaingo sailburu ohiaren dimisoa eskatu du, "euskal gizartea ordezkatzeko gaitasunik gabe geratu delako"; izan ere, Ertzaintzaren jokabidea azaltzeko agerraldian "gezurra" esan zuen.

Eusko Legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan, Gara egunkariak argitaratutako informazioa hizpide izan dute Julen Arzuaga eta Marian Beitialarrangoitia koalizioko legebiltzarkideek. 2012ko apirilaren 5eko Ertzaintzako agenteen elkarrizketen grabaketak argitaratu ditu egunkariak. Kaleko ertzainek egoera "kontrolpean" zegoela ziurtatu zuten, baina Deustuko polizia-etxeko agintari batek "kalezuloan guztiarekin sartzeko" agindua eman zuen.

Arzuagaren hitzetan, Ertzaintzaren operazioa "borondatezkoa" izan zela demostratzen dute grabaketek, "eta ez ustekabekoa, Antonio Varela Ertzaintzaren orduko zuzendariak Legebiltzarrean eman zuen argudioa, ezta istripua ere, Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak orain dela gutxi esan duena".

Zentzu horretan, "operazioa borondatezkoa" izan zela uste du koalizioak. Gainera, "helburua espazio politiko bat zen (herriko taberna), Sailaren obsesioa agerian geratzen delarik", gaineratu du.

Beltran de Heredia

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua gogor kritikatu du EH Bilduk: "Beltran de Herediak Giza eskubideen urraketen ustezko erantzukizunik onartzeko prest ez zegoela esan zuen Legebiltzarrean".

"Aresek zein Beltran de Herediak erantzukizunik ez onartzeko zirkulua ixten dute, Iñigo Cabacasen auzian izaten ari den zigorgabetasunaren adibide, erantzukizun politikoen esparruan", erantsi dute.

Horregatik, PSEri Aresen dimisioa eskatu diote, "bakeaz, normalizazio politikoaz eta biktimen inguruan  hitz egiteko legitimotasunik ez duelako dagoeneko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea