Gizartea -
Aldarrikapena
Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute jaialdi batean, Villatuertan
Sortzen-Ikasbatuaz taldeak deituta, milaka lagun bildu dira udalerri horretan 'Euskal Herria josten' lelopean.
Erredakzioa
'Euskal Herria josten' lelopean, milaka lagun bildu dira gaur Villatuertan, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak deituta, zonifikazio linguistikoaren aurka egiteko eta euskeraren ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Antolatzaileek ohar baten bidez gogora ekarri dutenez, jaialdi horren lehen edizioa 2010ean egin zuten Artaxoan, 2011an Mendigorrian, eta Larragan 2012an.
Jaialdi horien parte-hartzea handituz joan da, antolatzaileek azpimarratu dutenez, eta aurtengoan deialdiarekin bat egin duten hainbat eragile sindikal eta sozialei aipamen berezia egin diete.
Egitarauari dagokionez, aurten inoiz baino gune kopuru handiagoa zabaldu dute (zazpi, zehatz-mehatz), eta prestatutako ekitaldi kopurua ere handia izan da. Gauzak horrela, jaialdia antolatzeko boluntarioen eta Villatuertako Udalaren laguntza eskertu du Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak.
Egunean zehar, musika, tailerrak, ipuin-kontaketak eta herri-kirolak izan dira. Gainera, euskaraz ikastea posible egin zuten aita-amak omendu dituzte.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Euskararen Foru Legea desagertu arte "horrelako jaialdiak antolatzeko arrazoiak egongo dira oraindik ere". Halaber, "Euskal Herria osoan ofizialtasuna lortzeko beharraz" ohartarazi dute, "indar sozial eta politiko guztien ardura dena".