Gizartea -
Frantzia
Hiru urtez soto batean lo egin duten bi adingabe erreskatatu dituzte
Gurasoek tratu txarrak ematen zizkieten eta gorotz artean bizi ziren aireztapenik gabeko gela batean.
Erredakzioa
Frantziako gizarte-zerbitzuek hiru urtez soto zikin batean lo egin duten 10 eta 12 urteko bi haur erreskatatu ditu Paris inguruan, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez. Adingabeak gorotz artean bizi ziren aireztapenik gabeko gela batean, eta aitak eta amaordeak jo egiten zieten.
Elektrizitaterik eta urik gabe zeuden haurrak, Pavillons-sous-Boiseko etxebizitzako sotoan.
Haur nagusiena Poliziaren komisariara joan zen aurreko astean aitaren tratu txarrak salatzeko, eta ondorioz, gizarte-zerbitzuak lanean hasi ziren eta lotarako zituzten baldintza eskasen berri izan zuten.
Poliziak aita eta amaordea atxilotu zituen asteburuan, haurren kontrako indarkeria, utzikeria eta elikagaiak galaraztea egotzita, eta gizarte-zerbitzuen esku utzi zituen haurrak.
Etxebizitzan beste haur bat ere bizi zen, amaordearen semea, baina hori egoera normal batean zegoen, eta etxeko logela batean egiten zuen lo, helduekin egiten zituen otorduak eta eskola pribatu batean ikasten zuen.
Beste bi haurrak, ordea, soto zikin batean edukitzen zituzten. Kaka eta pisa bertan egitera behartzen zituzten, eta gorotzaren aldamenean egiten zuten lo, koltxoi fin baten gainean.
Lehenengo galdeketetan, aitak justifikatu egin du haurrak sotoan edukitzea, "jasanezinak" zirela eta "dena apurtzen" zutela argudiatuta.