Gizartea -
'Pitiusa auzia'
Polizia-operazioa datu pribatuen trafikoaren kontra, Espainian
Espainiako poliziak detektibeak, funtzionarioak eta enpresarioak atxilotu dituzte, pertsonen pribatutasunari eragiten dioten datuen legez kanpoko salerosketa leporatuta.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak detektibeak, enpresariak eta funtzionario publikoak atxilotu ditu gaur datu pribatuen legez kanpoko salerosketa leporatuta, aurreko urtean hasitako 'Pitiusa' izeneko operazioaren baitan.
Auzirik gertuko iturriek jakitera eman dutenez, atxiloketarik gehienak (16, zehazki) Bartzelonan egin dira edo egingo dirham baina beste lurralde batzuetan ere ere egon dira atxiloketak: 5, Madrilen; 2, Kantabrian; 2, Euskadin; eta bana Aragoin eta Andalizian.
Atxilotuen artean Jaime Aguilera dago, Unilever España multinazionaleko burua. Besteak beste, Flora, Knorr, Rexona, Axe, Tulipán, Skip, Frigo eta Calvé marka ezagunen jabea da Unilever, eta joan den urtean 639 milioi euro fakturatu zituen Estatuan.
Ustez multinazionaletik ateratzen ari ziren informazioaren berri izateko langile talde txiki bat iker zezan hacker bat kontratatzeko erabakiari baiezkoa eman izana leporatu diote Aguilerari. Atxiloketaren ondoren, aske geratu da Aguilera, epaileak noiz deituko zain.
Joan den urtean abiatutako operazioa
2012ko maiatzean 88 pertsona atxilotu zituzten hainbat probintzia eta erkidegotan, EAEn ere bai, intrusismo profesionala, funtzionarioak erostea, sekretuak azaleratzea eta kapitala zuritzea egotzita, eta 'Pitiusa' izena jarri zioten operazioari.
Atxilotuen artean 40 detektibe pribatu, 15 langile publiko eta 33 enpresario, langile eta partikular daude.
2011ko martxoan abiatu zen ikerketa, Bartzelonan, udaltzain baten jardueretan oinarrituta. Izan ere, udaltzainak ustez datu konfidentzialak erabiltzen zituen.
Gero, pertsonen eta enpresen informazioa eta datu pribatuak salerosteko sare bateko kidea zela jakin zuten.
Mikel Uriarte
2010 urtean autoa Bizkaia Zubitik jauztean hil zen Mikel Uriarte gaztearen familiaren arabera, Pitiusa Operazioan "atxilotutako zenbait pertsonek onartu zutenez, ikertutako pertsonen artean Mikel Uriarte zegoen, aseguru-etxeek indemnizaziorik ordaindu nahi ez zutelako".