Gizartea -
Kanbo (Lapurdi)
600.000 euro emango dizkio Gipuzkoako Aldundiak Xalbador ikastetxeari
Eraikina berregituratzeko eta handitzeko lanak egitea izango da diru-laguntzaren helburua. Hala, aurten eta datozen bi urteetan, 200.000 euroko laguntza jasoko du ikastetxeak urtero.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Kanbon (Lapurdi) izan da asteazken honetan, Xalbador ikastetxeko arduradunekin lankidetza hitzarmena sinatzeko.
Akordio horren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko diru-laguntza emango dio Xalbador ikastetxeari, eraikina berregituratzeko eta handitzeko lanak egiteko. Aurten eta datozen bi urteetan, 200.000 euroko laguntza jasoko du ikastetxeak urtero.
Garitanoren hitzetan, euskararen normalizazioari Frantziako administrazioak jartzen dizkion "oztopo guztiak" kontuan izanda, "euskal herritarren arteko elkartasuna eta lankidetza behar-beharrezkoak" dira.
Ahaldun nagusiaren ustez, Frantziak ez du euskara aintzakotzat hartzen, eta Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean euskaraz ikasteko hautua egin dutenek "administrazioaren trabak" pairatu behar dituzte.
Halaber, Garitanok Eusko Jaurlaritzari ere dei egin dio Iparraldeko ikastolekin lankidetzan jardun dezan eta elkartasuna erakutsi dezan.
30 urte
1983ean ireki zuten Xalbador ikastetxea euskaraz jardun nahi zuten ikasleen beharrei segida emateko, eta Lapurdiko barnealdeko ikasleak hartzen ditu. Seaska Iparraldeko ikastolen elkartearen baitan dago.