Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
Ingeniaritza teknikoetarako eraikin berria inauguratu du EHUk Bilbon
Industria Ingeniaritza Teknikoa eta Meatzeak eta Herri Lanak jorratzen dituzten ikasleak erakin bakar batean bildu dituzte.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza mailan dituen lehentasunak gazteak lan mundura hezkuntza bidez hurbiltzea eta unibertsitatea bera ekoizpen ekonomiara gerturatzea direla esan du Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan, Bilbon, ingeniaritza teknikoetarako EHUren eraikin berriaren inaugurazioan.
Egoitza berriak Industria Ingeniaritza Teknikoko (IITUE) eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko (MHLITUE) Unibertsitate Eskolak erakin bakar batean biltzen ditu. Cesar Azcarate arkitektoak diseinatu du eraikina eta 43.000 metro karratu ditu. Guztira bederatzi solairu eta bi soto, eta dagoeneko 3.000 ikasle, 200 ikasle eta 45 langile daude bertan. Ia 47 milioi euroko kostua izan du egoitza berriak, Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuta. Jaurlaritzak, berriz, garai bateko erakustazokaren zoruaren % 9 jarri du.
Lehendakariarekin batera, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea izan dira ekitaldian. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea ere bertan egotekoa zen, baina orain hiru aste agenda ofiziala bertan behera utzi behar izan zuen, osasun arazoak direla-eta.
Iñaki Goirizelaiak bere hitzaldian azpimarratu duenez, San Mameseko ''teknologia poloa'' izango denaren baitan kokatzen da erakina.
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak, bestalde, egoitza berria eraiki ahal izateko beharrezkoak izan diren 47 milioi eurokoak ''ezagutza eta aberastasuna sortzeko hazia'' direla nabarmendu du.