Gizartea -
Condé Nast Traveller
Donostia, Estatuko hiri turistiko onena Golden List zerrendan
Condé Nast Traveller turismo aldizkariak Donostia aukeratu du Estatuko hiri turistiko onena. New Yorkek irabazi du nazioarteko saria.
Erredakzioa
Donostia Estatuko hiri turistiko onena izendatu dute 'Condé Nast Traveller' bidaia-aldizkariko 2013ko Golden List zerrendan. Saria apirilaren 25ean eman zuten ezagutzera, Madrilen egindako ekitaldian. Era berean, New York nazioarteko hiri onena izendatu dute, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.
'Condé Nast Traveller' hainbat herrialdetan edizioak dituen aldizkari estatubatuarra da. Bidaietako eta turismoko aldizkaria da, eta mundu mailan ospe handiko erreferentea bidaiari eta turistentzat. Urtero Urrezko Zerrendak argitaratzen ditu, mundu osoko hotel, norako eta bestelako baliabide turistiko onenak jasotzeko, beti aldizkariko irakurleen arabera.
Aurten, irakurleek Donostia izendatu dute estatuko hiri onena, bost finalisten artean: Donostia, Bartzelona, Madril, Sevilla eta Santiago de Compostela. "Kontxako badia ikusgarria da Donostiako ezaugarri xarmangarrienetako bat. Honekin batera gastronomia, eta munduko zinema-jaialdi nagusienetako baten egoitza izateak ematen duen izaera kosmopolita nabarmendu behar dira", adierazi dute aldizkariko zuzendariek.
Maria Cristina hotela ere finalista izan da, Estatuko hotel onenen kategorian. Almudena Fernández modeloak eman zion saria Donostia Turismoko zuzendari Manu Narvaezi.