Gizartea -

Gastronomia

Mugaritz laugarren eta Arzak zortzigarren, 'Restaurant'en zerrendan

'Restaurant' Britainia Handiko aldizkariak urtero egiten duen zerrendan, Celler de Can Roca Gironako jatetxeak lortu du aurreneko tokia.

Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko sukaldaria. Argazkia: EiTB
Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko sukaldaria. Argazkia: EiTB
Mugaritz eta Arzak, onenen artean berriro

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko 50 jatetxe onenen zerrendan, bi euskal sukaldari, bi gipuzkoar, agertzen dira aurreneko hamarren artean: Andoni Luis Aduriz (Mugaritz) laugarren postuan sailkatu da, eta Arzak, zortzigarrenean.

Horrela, Mugaritz jatetxeak iragan urteko hirugarren postua galdu du, Osteria Francescana italiarrak kendu diolako. Arzakek, ostera, zortzigarren lekuari eutsi dio.

Mexikon dagoen, baina euskal herritarrek gidatzen duten BIKO jatetxea (Mikel Alonso, Bruno Oteiza eta Gerard Bellver) berriro agertzen da 50 jatetxe onenen zerrendan, 31. postuan hain zuzen ere.

Bestalde, Etxebarri Erretegiak (Bizkaia) 13 postu atzera egin ditu aurten, 44. lekura arte.

Celler de Can Roca

Celler de Can Roca Gironako jatetxea da munduko onena, aldizkariaren arabera.

Celler de Can Roca efe

Celler de Can Roca efe

Joan, Josep eta Jordi Roca anaiak, Guildhalleko aretoan. EFE

Guildhall Londreseko eraikin ikusgarrian egindako zeremonian, Joan, Josep eta Jordi Roca anaien lokalak lehen postua kendu dio Noma danimarkarrari. Azken hiru urteetan, Noma jatetxea munduko onena izan da, eta aurten bigarren sailkatu dute.

Roca anaien jatetxea bigarren sailkatu zen aurreko bi urteetan. Celler de Can Rocak "Kataluniako sukaldaritza eta teknika berritzaileak uztartzen ditu". Gainera, Restaurant aldizkariak jabeen "grina eta adeitasuna" goraipatu ditu.

Kataluniako sukaldaritza dute erroan, baina gastronomia abangoardista ahaztu gabe. Celler jatetxeko erantzukizuna hiru anaiek dute: Joanek sukaldea zuzentzen du, Jordik gozogintzako ardura du eta Josep sommelierrak ardoak eta jantokia zaintzen ditu.

Celler de Can Roca efe

Celler de Can Roca efe

Roca anaiak, Celler de Can Roca jatetxeko sukaldean. Artxiboko irudia: EFE

"Sekulako taldea"

"Hirurek sekulako taldea osatzen dute, eta euren sukaldaritza ahaztezina da", azpimarratu du Restaurant-ek. Roca anaien "estilo librea" laudatu du aldizkariak, "arbasoen memoriari traizio egin gabe, bezeroak elikatzeko buru-bihotzak jartzen dituztelako".

Mundu osoko 900 kritikarik, sukaldarik, jatetxe-jabek eta gastronomok iritzia eman dute 50 jatetxe onenen zerrenda osatzeko. Bakoitzak zazpi boto eman ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea