Gizartea -

Ikerketa

Abiadura, alkohola eta mugikorrak, errepideetako arrisku nagusiak

EAEko gidarien % 59k ez du sekula istripurik izan eta gidarien % 68k ez du inoiz isunik jaso.

Errepideko arriskuei buruzko ikerketa.
Errepideko arriskuei buruzko ikerketa.
Errepideko arriskuei buruzko ikerketa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkarregi gidatzea, alkohola edatea eta telefono mugikorrak erabiltzea dira errepideetako arrisku nagusiak istripu bat edukitzeko garaian.

Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak EHUri eskatutako ikerketa baten emaitzak dira; 2009 eta 2010. urteetan 2.434 inkesta egin eta gero ateratako ondorioak, hain zuzen.

Txostenaren arabera, gidari gehienek, % 79k, baimendutako gehienezko abiadura gainditu dute inoiz, baina % 7k bakarrik onartu du maiz gainditzen duela muga.

Gidarien % 12k alkohola edan ostean gidatzen du, eta horien artean, gehienak gizonezkoak dira. Era honetan, emakumezkoen % 77k ez du inoiz ibilgailurik hartzen alkohola edan ostean; gizonezkoen kasuan, ordea, % 55era jaisten da kopuru hori.

Telefono mugikorrari dagokionez, soilik gidarien % 3k erabiltzen du gidatzen duen bitartean. Inkesta egin duten lagunen % 70ek ez du inoiz erabiltzen gidatzen egonez gero.

Hiru faktore horiei adina eta gidabaimenaren antzinatasuna gehitu behar zaizkie: zenbat eta helduagoa izan, eta zenbat eta urte gehiagoko esperientzia izan, orduan eta aukera gehiago dago istripu bat izateko.

Halaber, euskal gidarien % 59k ez du sekula istripurik izan, ikerketa honen arabera. Gutxi batzuek, ordea, hainbat izan dituzte. Kasu esanguratsuena, 21 istripu izan dituen lagun batena da. Hala ere, istripua izan duten gehienek ez dute ondorio larririk pairatu.

Gidarien % 68k ez du inoiz isunik jaso, % 18k bakarra eta % 7k bat baino gehiago. Baten batzuek 30 isun ere badituztela egiaztatu da inkestan.

Isun horietako gehienak, % 72,1 hain zuzen, azkarregi gidatzeagatik jarri dituzte; telefonoz hitz egiten edo gerrikoa jantzi gabe gidatzeagatik jarri dituzte horien % 16,8; behar bezala ez gidatzeagatik, isunen % 15,43; eta alkoholemiagatik, % 6,6

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea