Gizartea -
Katalunian
145 pertsona atxilotu dituzte, lan kontratu faltsuak egitea egotzita
Eraikuntzarekin, garbiketa zerbitzuekin eta lorezaintzarekin loturiko enpresen azpijokoa sortu zuten langile faltsuei Gizarte-Segurantzan izena emateko.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak 145 lagun atxilotu eta beste 275 lagun inputatu ditu gezurrezko enpresak sortu eta iruzur egiteagatik; zehazki, 7,8 milioi euroko iruzurra.
Lan kontratu faltsuak egiten zituzten, geroago, iruzur eginez langabezia saria kobratzeko.
Hainbat hilabetetan egindako ikerketa honen ondorioz, eraikuntzarekin, garbiketa zerbitzuekin eta lorezaintzarekin loturiko enpresen azpijokoa atzeman du Polizia Nazionalak. Langile faltsuei alta ematen zieten, geroago, langabezia saria jasotzeko asmoz.
Atxilotuen artean, gezurrezko enpresa horien administratzaileak eta langile faltsu gisa kontratatzeko ordaindu zuten hainbat lagun daude.
Gizarte Segurantzako Altxortegi Orokorreko Delitu Ekonomikoetarako Prebentzio Zerbitzuak eta Kataluniako Gizarte Segurantzako Lan eta Segurtasun Ikuskaritzak produkzio-jarduerarik ez zuten 19 enpresa atzeman zituztenean hasi zen ikerketa. Poliziaren arabera, 19 enpresa horietatik bik bakarrik izan dute benetako jarduera.
Langabezia saria kobratuz iruzur egiteaz gain, enpresek ez zituzten beren langileen gizarte aseguruetako kuotak ordaintzen.
Hala, guztira, 7.806.708 euroko iruzurra egitea leporatu diete (Gizarte Segurantzari 4.821.246 euro ordaindu gabe utzita eta 2.985.462 euro legez kanpo langabezia sariak jasota).