Gizartea -

Izendapena

Jose Maria Guibert izango da Deustuko Unibertsitateko errektore berria

Jaime Oraaren tokia hartuko du, honek ia hamar urte egin ondoren. Laster jakinaraziko du unibertsitateak kargu hartzearen eguna.

Jose Maria Guibert izendatu dute Deustuko Unibertsitateko errektore berri. Argazkia: Deusto
Jose Maria Guibert izendatu dute Deustuko Unibertsitateko errektore berri.
Jose Maria Guibert izendatu dute Deustuko Unibertsitateko errektore berri. Argazkia: Deusto

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektore izendatu dute ostegun honetan, eta Jaime Oraaren tokia hartuko du. Azken horrek ia hamar urte egin ditu karguan, eta Jesusen Lagundiaren Unibertsitate Zentroen Federazioen presidente izendatu berri dute.

Adolfo Nicolas Deustuko Unibertsitateko kontseilari eta Jesusen Lagundiko buruak onartu egin du izendapena, Gobernu Kontseiluaren proposamena eta Hezkuntza Katolikoaren Kongregazioaren onarpena jaso ondoren.

Errektore berriak laster hartuko du kargua, Deustuko Unibertsitatearen webgunean zabaldu dutenez.

Guibert Azpeitian jaio zen 1962an. Ingeniaritza Fakultateko katedraduna da, eta, Industria Tekonologien Saileko burua izateaz gain, Etika Aplikatuko Zentroaren buru ere bada.

1982az geroztik Jesusen Lagundiko kidea da, eta 1993an egin zen apaiz. Eliza Ikasketak egin zituen 1992an Deustuko Unibertsitatean, eta Teologiako lizentziatura ere egin zuen AEBetan.

Industria Ingeniaritzako doktore ere bada, eta enpresen administrazioaren gaineko master bat ere egin zuen Londresen.

Guibert irakasleak alor hauek landu ditu hainbat liburutan: ingeniaritza, gizarte eta enpresa erantzukizuna, lidergoa eta etika profesionala.

Halaber, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea izan da bost urtez, baita Misioa garatzeko Errektorearen ordezkaria (2003-2007) eta Deustu Fundazioaren Patronatuko kide ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea