Gizartea -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
EHUk matrikulak ordaintzen laguntzeko funtsa sortzea proposatu du
"Inor unibertsitate mailako prestakuntza izateko ametsa bete gabe ez gelditzea" da ekimen horren helburua.
Erredakzioa
Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak azaldu duenez, aurtengo aurrekontuetan matrikula ordaindu ezin dutenei laguntzeko funtsa sortzea eskatu dute.
"Inor unibertsitate mailako prestakuntza izateko ametsa bete gabe ez gelditzea" da ekimen horren helburua. Errektoreak jarraitu beharreko eredua argitu ez duen arren, etorkizunean ikasleek era eroso batean itzuliko luketen laguntza izango litzatekeela azaldu du.
Radio Euskadin eskaini duen elkarrizketa batean, murrizketak izan arren, erakunde akademikoaren kontuak osasuntsu daudela eta lanpostuak, ikerketa eta ikasleen prestakuntza mantentzeko lanean ari direla esan du Goirizelaiak.
Horrez gain, errektoreak Bilbon, San Mameseko Ingeniaritza Eskolan, EHUko Gune Teknologikoaren egoitza inauguratu izana nabarmendu du, eta, gaur egun, zailtasun ekonomikoak direla eta, proiektu hori aurrera ateratzea zaila izango zela onartu du.
Wert ministroaren erreformei buruz, adituen batzordearen proposamenak "izoztuta geldituko dira", errektorearen ustez.