Gizartea -
Ezbeharra
Gazte bat hil da Baionan, teilatutik erorita
Teilatuaren bazterretik ibiltzen ari zen, baina irristatu eta hamar metroko altueratik behera erori da.
Erredakzioa
Goizaldean, gazte bat hil da Baionan teilatu batetik behera erori ondoren. Ezbeharra Baiona Ttipian gertatu da.
Kazeta.info atariak jakitera eman duenez, bi gaztek desafio egin diote elkarri. Teilatura igo, eta bazterretik zuzen ibiltzeko gauza ote ziren egiaztatu nahi omen zuten. Gazteetako bat irristatu, eta hamar metroko altueratik behera erori da.
Gauerdia baino lehen jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek, eta suhiltzaileak eta anbulantzia bat istripuaren tokira bertaratu dira. Zauritua larri eraman dute Baionako Ospitalera, eta bertan hil da goizean.
Poliziak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.