Gizartea -
Cabacas auzia
Aresek ukatu egin du Ertzaintzan 'isiltasun ituna' egon izana
Herrizaingo sailburu ohiak berretsi du "auziaren inguruko dokumentazio guztia" epailearen esku uzteko agindu zuela.
Erredakzioa
Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkari eta Herrizaingo sailburu ohiak adierazi du "Cabacas auzian" ez zuela Ertzaintzarekin "isiltasun itunik" baimendu ezta horretarako biderik eman ere, eta sailburu gisa "kontrakoa" agindu zuela esan du: "Justiziarekin elkarlanean egoteko".
Ostiralean, Cabacasen heriotzaren harira, Ertzaintzaren eta Rodolfo Ares buru zuen Herrizaingo Sailaren artean "isiltasun ituna" egon den ala ez argitzeko eskatu zuten gaztearen senitartekoek eta horien abokatuak.
Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean Aresek esan duenez, "auziaren inguruko informazio eta dokumentazio guztia epailearen esku uzteko" agindua eman zuen.
"Isiltasun itunaz" hitz egiten duen tesiaren inguruan galdetuta, ez duela ezagutzen esan du Aresek eta ez dela horrelakorik existitzen azpimarratu du. "Ez nuen baimendu ezta horretarako bidetik eman ere; ez nuke inoiz isiltasun itunik baimenduko", adierazi du.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak polizia-operazioan parte hartu zuten sei agente kargutik kentzea erabaki ostean, berak ere egin zezakeela esan du Aresek, baina horren iritziz, "erabakia, lehenik eta behin Justiziarena da". Geroago, "Ertzaintzaren barruan ikerketa hasi beharko dute eta beharrezkoa bada, esku hartu", adierazi du.