Gizartea -
Protesta
Basurtuko ospitaleko itxialdia liskarrik gabe amaitu da
50 bat langilek 15:00ak aldera itxialdia hasi dute berriz. Goizetik itxialdia egiten ari ziren langile batzordeko kideak atera egin ditu Ertzaintzak eguerdian.
Erredakzioa
Basurtuko ospitaleko langileen itxialdia 20:30 aldera bukatu da. Enpresa-batzordeak deituta (Satse, CCOO, ELA, SME, LAB, SAE, UGT eta USO) langileek protesta amaitzea adostu dute arratsalde osoa ospitaleko kontsulten alorrean eman eta gero.
Arratsaldeko lehen orduan Basurtuko opsitaleko langileek itxialdia hasi dute berriro, nahiz eta ordu batzuk lehenago Ertzaintzak protesta desegin.
Ospitaleko enpresa-batzordeko iturriek jakitera eman dutenez, 50 bat langilek 15:00ak aldera itxialdia hasi dute berriz, Eusko Jaurlaritzaren murrizketen aurka protesta egiteko eta sektore publikoa defendatzeko.
Basurtuko Ospitalean goizetik itxialdia egiten ari ziren langile batzordeko kideak atera egin ditu Ertzaintzak gaur eguerdian, ospitaleko zuzendaritzaren aginduz. Langileak murrizketen contra eta osasungintza publikoaren alde protesta egiten ari ziren.
24 orduko itxialdia
Goizeko 7:00etan hasi dute 24 orduz irautea nahi zuten itxialdia, eta bertan jarraitzeko asmoa zuten. Zuzendaritzatik sarreran jarritako kanpin-denda kentzeko agindu diete, eta langileek kendu egin dute, sarrera ez oztopatzeko.
Ertzaintzak banan-banan atera ditu langileak. Jon Serrano Satseko ordezkariak esan du, bertako langileak izanik, bertan protesta egiteko eskubidea urratu egin dutela.
Isabel Villares enpresa batzordeko bozeramaileak jakinarazi duenez, Basurtuko ospitaleko zuzendaritzak ohartarazi die ezin dutela ospitalean bertan egin itxialdia, eta Ertzaintzari dei egingo dietela langileak bertatik irtenarazteko.
Bestalde, Serranok adierazi duenez, osasun arloan egiten ari diren murrizketak salatu nahi dituzte. "Udatik, Madrildik eta Eusko Jaurlaritzatik inposatzen diren murrizketen kontra hainbat protesta ekitaldi egin ditugu", gaineratu du. Azaldu duenez, ez dute baztertzen protesta ekitaldi gehiago egitea, "Osakidetzak ez du negoziatzeko inolako asmorik eta dena dekretu bidez inposatzen du".