Gizartea -
Basurtuko Ospitalean (Bilbo)
Ebakuntza egin diote neska bati, gorputzetik 39 droga-poltsa kentzeko
19 urteko neskatoa Loiuko aireportuan atxilotu dute, eta Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute.
Erredakzioa
Hemeretzi urteko neska bat Basurtuko (Bilbo) Ospitalera eraman behar izan du Guardia Zibilak, gorputzaren barruan zeraman droga ateratzeko. Izan ere, 39 droga-poltsa irentsi zituen. 600 gramo kokaina, guztira.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak agiri batean azaldu duenez, neskatoa maiatzaren 1ean atxilotu zuten, Loiuko aireportuan. Brasildik zetorren, Lisboan (Portugal) geldialdia eginda.
Gazteak min handia zuen, eta agenteek ospitalera eraman zuten. Bertan, gorputzaren barruan droga-poltsak zituela egiaztatu zuten, azterketa erradiologiko baten bitartez.
Neskak baimena eman eta gero, premiazko ebakuntza egin zioten, poltsak kentzeko. Horietako handienak 200 gramo kokaina zituen.
Gaztea ospitaleratuta utzi zuten, baina atxilotuta dago, droga trafikoa egotzita.