Gizartea -
Atxilotua Gasteizen
Ertzain bat harrapatzen saiatu da modu ezohikoan gidatzen ari zela
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Gasteizen modu irregularrean gidatzeagatik eta agente bat harrapatzen saiatzeagatik.
Erredakzioa
Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Gasteizen modu ezohikoan gidatzeagatik eta ertzain bat harrapatzen saiatzeagatik.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizaleko bostetan Manuel Iradier kalean kale-jantzian zeuden agente batzuek modu irregularrean gidatzen zihoan eta semaforo bat gorriz zeharkatu duen gidari bat ikusi dute.
Apur bat aurrerago, patruilak autoa harrapatu du, eta ertzainetako bat susmagarriaren kotxera hurbildu da egiaztagiri poliziala erakutsiz. Gidariak, horri kasurik egin gabe, bortizki azeleratu du ibilgailua, eta agentea alde batera baztertu behar izan da harrapa ez zezan.
Jazarpen labur bat hasi dute orduan, autobus geltokiraino. Izan ere, hainbat patruila bildu dira bertan, susmagarriari bidea ixteko.
Iheslariaren autoa toki horretara heltzean, gidariak bortizki geldiarazi du, eta atzerako martxa sartzen saiatu da, baina kotxea errepidearen erdian gelditu zaio.
Autoan pertsona bakarra zihoan, eta bertatik irteteari uko egin dio. Hala, agenteek leihatila bat apurtu behar izan dute gidaria atxilotzeko.