Gizartea -
30. urteurrena
Euskaldunen 'DNAren parte' bilakatu izana ospatu du Osakidetzak
Bertako profesionalen lana goraipatu dute eta Osakidetza "gizartearen lorpena" izan dela azpimarratu dute ospakizunean.
Erredakzioa
Osakidetzak, Euskadiko Osasun Zerbitzu Publikoak, 30 urte bete ditu, eta Bilbon egin duten ospakizunean bertako profesionalen lana goraipatu dute. Halaber, "euskaldunen DNAren parte" bilakatu izana ospatu dute.
Iñigo Urkullu lehendakaria Javier Aguirre Osasun Saileko lehen sailburuarekin eta egungo sailburuarekin, Jon Darponekin, egon da. Horiekin batera Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari orokorra egon da eta 30 urteen historia gogorarazi dute ekitaldian jarri duten bideo batean.
Iñaki Azkuna Bilboko alkate eta Osakidetzako lehen zuzendari orokorrak, ordea, ezin izan du ekitaldian egon. Hala ere, horren etxera joan dira goizean bisitan, eta egin berri dioten ebakuntzatik "ongi sendatzen" ari dela esan dute.
Jon Etxeberriak adierazi duenez, "ez da ospakizunetarako garaia", baina bai Osakidetza "gizartearen lorpena" izan dela gogora ekartzekoa, "orain 30 urte ez baikenuen ezertxo ere", gaineratu du.
Halaber, Euskadiko osasunak "primeran prestatutako profesionalak" dituela nabarmendu du Urkulluk, ogibidea "bokazio bezala ulertzen baitute, eta argi dutelako ere herritarrei zuzendutako lana dela".
"Gaur egun, inork ez du Osakidetzarik gabeko Euskadi imajinatzen; euskaldunen DNAren parte bilakatu da, baina orain dela urte batzuk dena egiteke zegoen", adierazi du Etxeberriak.
30 urte lanean
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak Osakidetzaren langileen eguneroko lana eskertu du. "Euskadiko enpresarik handiena da Osakidetza", azpimarratu du.
321 osasun-zentrok, sei ospitaleak, lau osasun erakundek, epe ertain eta luzerako egonaldia eskaintzen duten hiru zentrok eta buruko osasuneko bi erakundek osatzen dute Osakidetza gaur egun.