Gizartea -

Indarkeria matxista

Amagoia Elezkanoren hilketa gaitzetsi dute Laudion eta Orozkon

Hilketa Laudion izan da, baina Orozkokoa zen biktima. 26 urteko emakumearen senarra oihuka hartu dute Laudioko herritarrek, Ertzaintzak etxetik atera duenean.

Orozkoko herritarrak kalean, Amagoia Elezkanoren hilketa gaitzesteko.EITB
Orozkoko herritarrak kalean, Amagoia Elezkanoren hilketa gaitzesteko
Elkarretaratzea egin dute Orozkon, Amagoia Elezkanoren hilketa salatzeko

1:19

David Perez / Esti Arzuaga | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laudioko (Araba) eta Orozkoko (Bizkaia) herritarrak kalera irten dira ostegun honetan, Amagoia Elezkano 26 urteko emakumearen hilketa gaitzesteko. Ustez 49 urteko senarrak hil du, Laudion, etxean, eta Ertzaintzak atxilotu egin du. Hilketa Arabako udalerrian izan bada ere, Orozkon ere samina da nagusi, biktima bertakoa baitzen.

Laudion, milaka lagun bildu dira hilketa salatzeko deitutako elkarretaratzean, tartean Amagoiaren hainbat senitarteko. 20:00etan hasi da protesta, Herriko Plazan, hilketa izan den tokitikk, Urumea kaletik, gertu.

Ordu erdiko isilunea egin duten bertara bildutako lagunek, eta Natxo Urkixo Laudioko alkateak aurretik Udaleko talde guztiek aho batez onartu duten adierazpen instituzionala irakurri du. Elkarretaratzea txalo zaparrada batekin bukatu dute.

Bertara bildutako hainbat lagunek kartelak erakutsi dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako ''emakumeen kontrako indarkeriarik ez'' leloarekin. Puntu morea, indarkeria matxistaren kontrako ikurra, ikus zitekeen.

Udaletxeko balkoian dolu-xingola beltza jarri dute eta ikurrina haga erdian egon da. Puntu moredun kartela ere jarri dute balkoian.

Haserrea, Orozkon ere

Ordubete lehenago, Orozkoko kaleetan erakutsi dute haserre eta samin hori 400 bat herritarrek, bertan deitutako elkarretaratzean. ''Emakumeen kontrako indarkeriarik ez'' lelopean hemen ere, kartel bat eskegi dute udaletxeko balkoitik, dolu-xingol beltz batekin. Herritarrek ere kartelak erakutsi dituzte, lelo horrekin.

Bertan izan dira, besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu bizkaitarra, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Carlos Urquijo Gobernuak Euskadin duen ordezkaria eta Laura Mintegi eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak.

Orozkoko alkateak adierazpen instituzional bat irakurri du. Udalak testu horretan salatu duenez, ''emakumeen kontrako indarkeria egoera baten biktima izatearen ondorioz erail dute Amagoia''.

Concentracion-Orozko-Hilketa-EITB

Concentracion-Orozko-Hilketa-EITB

(Orozkoko Udaleko ordezkariek adierazpen instituzionala irakurri dute. EITB)

Krimena

Amagoia eta senarra Laudion bizi ziren, baina biktima Orozkokoa zen, eta ustezko hiltzailea, Portugaletekoa, Natxo Urkijo Laudioko alkateak "Boulevard" Radio Euskadiko saioan azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, badirudi emakumeak ez zuela senarraren aurkako salaketarik jarri, eta, beraz, ez zegoen tratu txar "susmorik".

Ezbeharra Urumea kaleko 4. zenbakiko etxebizitza batean jazo da.

Ustezko hiltzaileak arreba bat ohartarazi du, krimena gauzatu eta gero, eta horrek deitu du Ertzaintzara, 05:20an. Agenteak bertaratu direnean, biktima, ustezko hiltzailea eta seme jaioberri bat topatu dituzte etxebizitzan. Haurrak ez du zauririk.

Bertan, gainera, sukaldeko aizto bat aurkitu dute, krimena gauzatzeko erabili duten armatzat jo dutena.

09:15ean, Ertzaintzaren patruila batek etxebizitzara eraman du berriz ustezko hiltzailea, krimenaren nondik norakoak azal ditzan. Bertan, hainbat herritar oihuka eta irainka hasi dira gizonezkoaren aurka.

10:00etan, epaileak gorpua Gasteizko Auzitegi Medikuntzako Institutura eramatea agindu du, autopsia egin diezaioten.

Auzokideek "zaratak eta kolpeak" entzun dituzte

Biktimaren auzokideek "zaratak eta kolpeak" entzun dituztela adierazi dute. Hori horrela, gauerdian "kolpeak" entzun dituela esan du batek, "baina inork ez zuen espero gertatutakoa".

Beste baten esanetan, senar-emazteen etxebizitzan "zaratak entzun ohi ziren", baina "zazpi hilabeteko haurtxo bat dutelako gertatzen zela uste genuen". Haurra, gainera, "gaixorik" dago.

Gaitzespenak

Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egin du, goizeko saioa hasi baino lehen, eta talde guztiek hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu dute.

Eusko Jaurlaritzak ere ''gaitzespenik bortitzena'' plazaratu du Amagoia Elezkanoren heriotzaren harian, eta hilketa hori salatzeko deitutako elkarretaratzeetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Jaurlaritzatik, nonbait "akatsak" daudela adierazi du Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak. Izan ere, horren hitzetan, "azken hamarkadan abiatutako neurriek ez dute esperotako emaitza eman".

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak elkarretaratzeekin bat egiteko eta indarkeria matxistaren aurka eta berdintasunaren alde kontzientziatzeko deia egin die herritarrei.

Lehen hildakoa EAEn

2013an, indarkeria matxistak Euskadin utzi duen lehen hildakoa da Amagoia Elezkano. Estatu mailan, berriz, 21. biktima da, eta azken 48 orduotan ustez bere bikotekideak edo bikotekide ohiak hildako hirugarren emakumea.

_______________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu, kontsultatu tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako gida, edo informatu 016 edo 900 840 111 telefono zenbakietan. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea