Gizartea -
Gertaera
Espetxera bidali dute ama ustez hil duen emakumea, Muxikan
Deklarazioa hartu ostean, epaileak kartzelara bidali du. Ondorioz, Langraiz Okako espetxera eraman dute.
Erredakzioa
Aizkora batekin Muxikan ama ustez hil duen 56 urteko emakumea espetxera bidali dute, epaileak deklarazioa hartu eta gero.
Larunbat arratsaldean Gernikako Guardiako 1. Epaitegiaren esku utzi dute atxilotua. Deklarazioa hartu ostean, epaileak kartzelara bidali du. Ondorioz, Langraiz Okako espetxera eraman dute.
Espetxera bidali aurretik, atxilotua Galdakaoko ospitalera eraman dute, psikiatriara, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Hilketa
Jazoera ostiral gauean izan da, Muxikako udalerrian, Bizkaia. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ustezko hiltzaileak berak deitu dio Ertzaintzari 21:40ak inguruan, aizkoraz ama hil duela esanez. Larrialdi zerbitzuetako kideak gertaeraren tokira heldu direnean, bizirik zegoen 83 urteko emakumea, baina minutu batzuk geroago, bertan hil da zaurien larritasuna tarteko.
Orduan, ustezko hiltzailea atxilotu dute, eta, antza denez, depresioa zuen eta hori gainditzeko medikuen laguntza jasotzen ari zen.
Hilketak samina eragin du senitartekoan eta Muxikako biztanleen artean. Antza denez, San Roman baselizaren inguruko baserri batean bizi zen familia.