Gizartea -
Txostena
EAEn kontsumitzen diren drogak geroz eta nahasiago daude
Ai Laket!! elkarteak hamabi substantzia berri atzeman ditu eta "ketaminaren adulterazio maila altua"z ohartarazi du, aztertutako laginen % 55 adulteratuta baitzeuden.
Erredakzioa
Ai Laket!! elkarteak hamabi substantzia berri atzeman ditu (printzipio aktiboak, nahastaileak eta diluitzaileak) iaz EAEn aztertu zituen 1.189 laginetan.
Miren Ugarte elkartearen presidenteak Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, "drogen legez kanpoko merkatua etengabe ari da aldatzen, pauso bat aurretik doa"; hori dela eta, "potentzialki arriskutsuak diren substantziak garaiz atzemateko sistemak indartzea" eskatu du.
Izan ere, Ai Laket!! elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Organikoko departamentuarekin batera, EAEko jai, jaialdi eta gazte-lokaletan jasotako 1.189 lagin aztertu ditu, eta horri esker aurkitu dituzte 12 substantzia berriak.
Gainera, "ketaminaren adulterazio maila altua"z ohartarazi du, aztertutako laginen % 55 adulteratuta baitzeuden. Kokainaren kasuan, levasimola, parasitoen kontra animalietan erabiltzen den produktua, ari direla nahasten "kasu gehienetan".
"2011n hirutik batek soilik zuen levasimola, baina urtebete geroago lautik hirutan atzeman dugu", azaldu dute.
Bestalde, Ugarte "kezkatuta" agertu da PMA substantzia toxikoa aurkitu dutelako anfetamina lagin batzuetan. Hori dela eta, "alerta egoeran" daudela adierazi du.