Gizartea -
Sexu-abusuak
Kartzelatu egin dute sexu-abusuak egin dituelakoan atxilotutako gizona
54 urteko gizonezkoa Getxoko Areeta auzoan atxilotu zuten, neskato bati eraso egiten saiatu ostean. Exhibizionismo delitua eta adingabeei sexu-abusuak egitea egotzi diote.
Erredakzioa
Ostiral honetan, kartzelan sartu dute atzo Getxon sexu-abusuak egitea egotzita atxilotutako gizona, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gutxienez, hogei bat exhibizionismo delitu eta adingabeei sexu-abusuak egitea egotzi diote.
Ertzaintzak Leioako, Barakaldoko eta Getxoko Udaltzaingoekin elkarlanean atxilotu zuen atzo gizona. Antza denez, 07:30 inguruan gertatu zen atxiloketa Areeta auzoko autobus-geltoki batean, hain zuzen ere, gizona adingabe bati sexu-abusuak egiten saiatu ostean.
Exhibizionismo delitua eta adingabeei sexu-abusuak egitea egotzi diote. Poliziaren esanetan, Ezkerraldeko herrietan egin ditu eraso gehienak, Barakaldon eta Sestaon bereziki, baina, esan bezala, Getxon ere egin ditu.
Martxoaren hasieran jarri zituzten lehenengo salaketak, eta horren harira, ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak.
Salatzaile guztiek bat egiten zuten erasotzailearen jokatzeko modua eta hura fisikoki nolakoa zen deskribatzerakoan. Ertzaintzaren esanetan, gizonezkoak antzera jokatzen zuen beti. 11 eta 15 urte bitarteko neskatoei egiten zien eraso, horiek eskolara joateko autobusaren zain zeuden bitartean.
Telefono batean, gizonezkoen genitalen irudiak erakusten zizkien, eta zenbait kasutan, ukituak ere egiten zizkien, harik eta ihes egitea lortzen zuten arte.
Bildutako informazioari esker, Ertzaintzak erasotzailearen erretratua egin zuen, eta ikastetxe inguruetan eta autobus-geltokietan zaintza areagotu zuen, atzo atxilotzea lortu zuen arte.