Gizartea -
2012an
Osakidetzak 2 milioiko kalte-ordainak eman ditu medikuen akatsengatik
Iaz, garun paralisiarekin jaio zen haur baten familiari 700.000 euroko kalte-ordaina eman behar izan zion Euskal Osasun Sistema Publikoak, Osakidetzako historian egon den handienetakoa.
Erredakzioa
Osakidetza Euskal Osasun Sistema Publikoak ia bi milioi euroko kalte-ordainak eman behar izan zituen 2012an medikuen akatsengatik. Kasuen gehiengoa ez zen epaitegietara iritsi eta bi aldeen adostasunekin amaitu zen.
Jon Darpon Osasun sailburuak eman ditu datuak, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak eskatutako informazioari erantzunez.
Osakidetzaren aseguru etxeak 32 kasutan esku hartu zuen iaz. Kalte-ordain txikiena 1.000 eurokoa izan zen eta handiena 700.000 eurokoa. 18 kasutan bi aldeen adostasunarekin amaitu zen auzia; 12tan epaitegiak agindutako epaien ostean eman zuten kalte-ordaina; eta 3 kasutan erabaki administratiboek ezarri zuten ordainketaren kopurua.
Iaz ordaindu zen kopuru osotik 1,3 milioi euro akordioen ostean eman zituen Osakidetzak, eta azken kopuru honetatik erdia, 700.000 euro, kasu bakar bati dagokio. Garun paralisiarekin jaio zen haur baten familiak eta Osakidetzak akordioa lortu zuten, eta Osakidetzak historian ordaindu behar izan duen kopuru handienetako bat eman zuen; 700.000 euro.
Haurraren familiak 1,8 milioi euroko kalte-ordaina eskatzen zuen, garun paralisia Gurutzetako ospitalean emakume bati egin behar zioten zesarearen atzerapenagatik izan zela argudiatuta. Auziaren epaileak ere gauza bera ondorioztatu zuen.
Beste kalte-ordain batean 120.000 euro eman behar izan zituen Osakidetzak. Kasu horretan, Bidasoako ospitalean sorbaldako ehunetan ebakuntza egin behar zioten gizon baten heriotzak eragin zuen salaketa. Anestesia jartzerakoan egondako zailtasunek eragin zuten gizonezkoaren heriotza.
Dozena bat kasu epaien ostean amaitu ziren. Horietako bat bihotzekoak jota hil zen gizon baten familiarena izan zen. 124.000 euro ordaindu zikioten familiari; izan ere, gizonezkoa hainbatetan ospitalera joan zen arren, ez zioten diagnosi zuzena egin eta azkenean hil egin zen.