Gizartea -
Bizkaian
50.000 euroko isuna ostalari bati, kontratazio irregularragatik
Ostalari batek 11 lagun kontratatu zituen asteburu batean lan egiteko, Gizarte Segurantzan alta eman gabe.
Erredakzioa
Bizkaiko Lan Ikuskaritzak 50.000 euroko isuna jarri dio ostalari bati, langileak era irregularrean kontratatzeagatik, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Isun horretaz gain, zigor-arloko salaketa jarri diezaiokete ostalariari, eta sei hilabetetik sei urtera bitarteko espetxe zigorra ezarri.
Ostalariak 11 lagun kontratatu zituen asteburu batean lan egiteko, baina ez zien Gizarte Segurantzan alta eman.
Negozioak aurretik beste 7 langile zituen, beraz, asteburu horretan, 18 langile egon ziren lanean; horietatik erdia baino gehiago era irregularrean.
Lan Ikuskaritzaren arabera, langile horiei lan zehatz horretarako Gizarte Segurantzan alta eman izan balie, ostalariak mila euro inguru ordaindu beharko zituzkeen; isuna jaso ostean, baina, 50.000 euro ordaindu beharko ditu.