Gizartea -
Oraindik ez dute onartu
Polizia susmagarrien gailu informatikoetan sartu ahalko da
Aurreproiektuaren zirriborroaren arabera, epaileek Poliziari baimena eman diezaiokete, ikertzen ari direnen ordenagailuetan troiarrak erabiliz sartu eta haien informazio guztia lortzeko.
Alberto Ruiz-Gallardonek zuzentzen duen taldearen aginduz, aditu-batzorde batek Justizia Ministerioaren Zigor Kode Prozesalaren aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu du. Testu horren arabera, epaileek Poliziari baimena eman ahal izango diote, ikertzen ari direnen gailu informatikoetan troiarrak instalatzeko eta horietan biltzen den informazio guztia lortzeko, El Pais egunkariak zabaldu duenez.
Zirriborroaren arabera, honako kasuetan eman dezakete epaileek susmagarrien gailu informatikoetara sartzeko baimena (ordenagailuak, tabletak, memoria txartelak, disko gogor eramangarriak...): hiru urte baino gehiagoko kartzela zigorreko delituak, ziberkrimenak, talde kriminal antolatuak eta terrorismoa.
Aurreproiektuaren 350. artikuluak azaltzen duenez, Bermeen Epaimahaiak honakoak baimendu ditzake: "Identifikazio-datuak eta kodeak erabiltzea zein softwarea instalatzea, urrundik modu telematikoan ordenagailuaren edukia aztertu ahal izateko, horren jabeak ezer jakin gabe". Hau da, edozein gailu informatikotan troiar bat instalatzeko aukera ematen du, bertan dagoen informazio guztia biltzeko eta kontrolatzeko, horren jabeak ezer jakin barik.
Programa hori instalatutakoan, Poliziak gailu informatikoetan biltzen den informazioa lortzeaz gain, memorian gordetzen diren pasahitz guztiak jakiteko aukera izango du. Hala, Polizia ikertzen ari denaren posta elektronikora eta sare sozialen kontu guztietara sartu ahal izango da.
Ministerioak oraindik ez du proposamena onartu, baina, aurreproiektuaren zirriborroa onartzen badu, Espainia troiarren erabilera baimentzen duen bigarren herrialdea izango da Europan, Alemaniaren atzetik. Bertan, hasiera batean, Auztegi Konstituzionalak Konstituzioaren kontrakotzat jo zuen neurri hori, "gailu informatikoen osotasunaren eta konfidentzialtasunaren oinarrizko eskubidearen kontrakoa" zela uste baitzuen. Epai horretan, muga oso zorrotzak ezarri zituzten mota horretako erregulazioetarako. Hala, azkenean Gobernu Federalak lege berri bat onartu zuen software mota horren erabilera baimentzeko, baina soilik terrorismo kasuetarako.