Gizartea -

Zen4 gimnasioa

Gimnasioan eta etxean zeuden gorpuzkiak emakume bakar batenak dira

Adaren lagunek eta herrikideek "justizia" eskatu dute. Elkarretaratzea egin dute Bilbon. Nigeriako emakumea koman dago, baina bere egoerak okerrera egin du azken orduetan.

Adaren lagunek eta herrikideek "justizia" eskatu dute Bilbon. EFE
Adaren lagunek eta herrikideek "justizia" eskatu dute Bilbon. EFE
Aguilarri atzemandako gorpuzkiak emakume bakar batenak dira

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Aguilar shaolin maisuaren gimnasioan eta etxebizitzan aurkitutako gorpuzkiak pertsona bakar batenak dira, Kolonbiako emakume batenak, hain zuzen ere.

Ikerketako iturriek ziurtatu dutenez, iragan astean emakume bat hil izana aitortu zuen atxilotuak eta hezurrak biktima horren gorpuzkiak izan daitezke.

Gainera, emakume heldua eta kolonbiarra dela egiaztatu dute. Era berean, "identifikatu" dutela baieztatu dute.

Horrela, Ertzaintzak auziko zalantza nagusia argitu du; izan ere, orain arte Aguilarren gimnasioan aurkitutako gorpuzkiak pertsona batenak edo gehiagorenak ziren ez zekiten.

Maiatzaren 31n emakume bat hil zuela aitortu zuen atzo atxilotuak, baina "nahasita" zegoela erantsi zuen. Baliteke hildako emakumearen gorpuzkiak izatea ondorioz.

Hatz-marken bidez identifikatu edo Aguilarrekin beste lotura bat duen ez dute zehaztu ikerketako iturriek. Emakumearen desagerpena salatu ote zuten ez dute argitu iturriek.

Hildakoak prostituzioan lan egiten zuen ere ez dute baieztatu. Aguilarren gimnasioan jipoia jaso zuen 29 urteko emakumea, Ada, prostituta zen. Emakume nigeriarrak Basurtuko ospitalean jarraitzen du koman.

Bestalde, bilaketa lanak bertan behera utzi ditu Ertzaintzak Bilboko itsasadarrean, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Ertzaintzako ontzi batek eta urpekariek atzo eta gaur gorpuzkiak bilatu dituzte itsasadarreko uretan, baina ez dute ezer aurkitu.

"JUSTIZIA NAHI DUGU"

Adaren lagunek eta herrikideek "justizia" eskatu dute gaur. Elkarretaratzea egin dute Bilbon.

Fleming doktorearen plazan 300 bat lagun bildu dira 29 urteko emakumeari elkartasuna adierazteko. Nigeriako emakumea koman dago, baina bere egoerak okerrera egin du azken orduetan.

Lehenengo isilean, "Eraso gehiagorik ez isilik" lelopean, gazte prostitutaren lagunak elkarretaratzearen buruan jarri dira Adaren argazki batekin.

Hamar minutu igarota, oihuka hasi dira: "Justizia nahi dugu", "Nahikoa da" eta "Ada maite zaitugu".

Elkarretaratzea-Bilbao-Zen4-EFE

Elkarretaratzea-Bilbao-Zen4-EFE

Elkarretaratzea Bilbon. EFE

Askabide prostitutak laguntzeko elkartearen bozeramaile batek agiri bat irakurri du kolektiboaren egoera salatzeko; izan ere, gizarteko kolektiborik ahulenetarikoa da.

Elkarretaratzean politikariak izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hiru sailburu, Jon Darpon (Osasun sailburua), Juan Maria Aburto (Enplegu sailburua) eta Josu Erkoreka (Administrazio Publikoko sailburua eta bozeramailea). Alfonso Gil PSEren Bilboko bozeramailea bertan izan da.

Erkorekak biktimari elkartasuna adierazi dio, eta "indarkeria matxistari aurre egiteko herritar guztien inplikazioa "eskatu du; izan ere, "kasu honetan erabakigarria izan da".

IKERKETA LUZEA

Ertzaintzak baieztatu du Aguilarri duela bi urte buruko tumorea antzeman ziotela eta orduz geroztik tratamendua hartzen ari dela Nafarroako zentro batean.

Ikerketak luze joko duela esan du Ertzaintzak, egin behar dituzten azterketak eta miatu behar dituzten tokiak kontuan hartuta.

Ertzaintzaren talde zientifikoak Bilboko Zen4 gimnasioa miatzeari ekin dio berriro gaur goizean.

GERTAKARIAK

Juan Carlos Aguilar joan den igandean atxilotu zuten, 29 emakume bat bortizki jipoitu ostean, Maximo Agirre kalean dagoen Zen4 gimnasioan.

Lekuko batek Ertzaintza ohartarazi zuen, aipatu gimnasioan emakume bat behartuta sartu zutela ikusi ondoren.

Ertzainek atea behera bota behar izan zuten gimnasiora sartu ahal izateko. Biktima konorterik gabe topatu zuten eta Juan Carlos Aguirre atxilotu zuten.

Orduz geroztik, emakume gaztea Basurtuko ospitalean dago, koman.

Ertzaintzak Juan Carlos Aguilarren etxebizitza eta gimnasioa miatu zituen eta hezur arrastoak aurkitu zituen plastikozko poltsetan gordeta.

Juan Carlos Aguilar pertsona ezaguna da, 1997. urtean mendebaldeko lehen shaolin maisu bilakatu ostean, hainbat komunikabidetan azalduta. Espainiako eta munduko kung-fu txapelduna izan da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea