Gizartea -

Drogak eta Eskola

Eskola ikasleen % 30ek cannabisa probatu dute EAEn

14 eta 15 urte arteko ikasleen erdiek alkohola kontsumitzen dute, Deustuko Unibertsitateko Drogomenpekotasunaren Institutuak kaleratutako ikerketa baten arabera.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Gazteak 12 urterekin hasten dira drogak probatzen

0:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko eskola ikasleen artean herenak baino gehiagok cannabisa probatu du eta gero eta gazteago hasten dira drogak kontsumitzen.

Deustuko Unibertsitateko Drogomenpekotasun Institutuak 'Drogak eta Eskola VIII' izeneko ikerketan jasotako ondorioetako batzuk dira. Ikerketa, beste zazpi txostenen segida da, eta azken 30 urteotan 12 urtez gorako eskola ikasleen artean drogen kontsumoak EAEn izandako bilakaera islatzen du. Hala, tabakoaren, alkoholaren eta legez kanpoko drogen kontsumoa aztertu dute.

Txostenaren arabera, 12 urtetik gorako eskola ikasleen artean % 30ek baino gehiagok cannabisa probatu dute. Halaber, txostenak jasotzen duenez, cannabisaren kontsumoa batik bat 16 urtetik gora hasten da handitzen; hamarretik seik probatu dute eta hamarretik hiruk hilabetean behin erretzen dute.

14 eta 15 urte arteko eskola ikasleen erdiek alkohola kontsumitzen dutela jasotzen du ikerketak, eta 16 urtetik gorakoen artean nabarmen hazten da zenbateko hori, % 80k kontsumitzen du alkohola.

Dena den, ikerketako arduradunek, azken urteetan alkoholaren kontsumoak izan duen beherakada azpimarratu dute. Hau da, eskola ikasleek alkohol gutxiago edaten dute eta mozkortu ere gutxiago mozkortzen dira, jasotako datuen arabera.

Tabakoaren kontsumoari dagokionez, eskola ikasleen artean % 25 erretzaileak dira eta horien artean erdiak maiztasunez edo egunero erretzen du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea