Gizartea -
Zentral nuklearra
Marotok Garoña ixtearen alde bozkatu du, PPren irizpidearen aurka
Espainiako Gobernuak Nuclenorri baimena luzatzeko erraztasunak ez emateko eskatu du Eusko Legebiltzarrak, PPren eta UPyDren kontrako botoekin.
Erredakzioa
Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateak babesa eman dio EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk Garoñako zentral nuklearra ixtearen alde aurkeztu duen ekimenari, PPren irizpidearen kontra. Santa Maria de Garoñako zentralari jarduteko baimena eskatzeko epea ez luzatzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari, eta zentrala "berehala" itxi dezala.
Gainera, aurreikusitako datarako, uztailaren 6rako, azpiegitura nuklearra desegiten hastea eskatu dute.
EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoei esker onartu du Eusko Legebiltzarrak Garoñaren itxiera eskatzeko ekimena, PPk eta UPyDk kontra bozkatu baitute. Gasteizko alkateak ere ekimenaren alde bozkatu du, alderdiak agindutakoaren kontra.
Marotok bozketaren ostean hedabideei azaldu dienez, "koherentziagatik" eman du itxieraren aldeko botoa; izan ere, "gauza bat pentsatzen badut, edonon eutsi behar diot nire iritziari".
"Ni Garoñako zentral nuklearra ixtearen alde nago, eta hori aldarrikatuko dut udaletxean, kalean, edo behar den lekuan", gaineratu du.