Gizartea -
Hizkuntza eskubidea
2012.urtean hizkuntza urraketa handia izan da Euskal Herrian
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ohartarazi du iaz 1.500 salaketa baino gehiago jaso zituztela egunerokotasunean euskaraz aritzeko eskubidea urratuta ikusi dutenen partetik.
Erredakzioa
2012an inoiz jaso den kexa kopururik handiena hartu zuen Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Izan ere, 1.500 salaketa baino gehiago jarri zituzten egunerokotasunean hizkuntza eskubidea urratuta ikusi duten euskal hiztunek. Hala, eskubide horiek bermatzeko, euskararen ofizialtasunarekin "ez dela nahikoa" ondorioztatu du Behatokiak.
Jasotako kexa guztien artean, administrazioari lotutakoak izan dira gehienak (% 60); gainerako % 40 bestelako esparruetan urratu dute euskaraz aritzeko eskubidea.
Urraketak eremu publikoan zein pribatuan jazo dira, Euskal Herriko lurralde guztietan, Behatokiaren arabera. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak nabarmendu du François Hollandek ez duela hitza bete eta ez duela pausorik eman euskararen ofizialtasuna bermatzeko zein hizkuntza gutxituen gutuna sinatzeko.
Horretaz gain, Europako Batzordeko Ministroen Kontseiluak Espainiako zein Nafarroako administrazioek legedia urratzen ari direla ohartu du.
Petriatik gogoratu du euskara osasun-sisteman sustatu behar dela, eta "gomendio zuzena eta berezitua" ere egin dutela Europatik.
Arlo pribatuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 2008an onartutako dekretua betearazteko neurriak 2012an Lakuako Gobernuak berak baliogabetu zituela salatu du Petriatik. "Lege-urraketen aurrean neurririk aurreikusten ez duen lege orok ez du inolako baliorik eta ondorioz, kasu honetan ere, euskaldunon oinarrizko eskubideen urraketa betikotu duen atzerapausoa izan da", gaineratu du Behatokiko zuzendariak.