Gizartea -
Kreditu faltsuak
Gizon bat atxilotu dute Gipuzkoan enpresariei iruzur egitea egotzita
Kreditua lortzeko aurretik tasazio bat egitea eta horren balioa ordaintzea eskatzen zieten enpresariei.
Erredakzioa
Enpresariei iruzur egiten zien sare kriminal bateko bederatzi ustezko kide atxilotu ditu Polizia Nazionalak, horietako bat Gipuzkoan. Dirudienez, finantziazioa behar zuten enpresariei iruzur egiten zieten faltsuzko kredituak eskainiz.
Tasazio bat finantza entitate faltsu baten bidez egitea eskatzen zieten, eta 20.000 euro arteko kopuru bat ordaintzeko eskatzen zieten kreditua sinatu ahal izateko.
Granadan aurkeztutako salaketa batzuekin hasi zen ikerketa; izan ere, inoiz iritsi ez zen hipoteka batentzat euren ondasunen eta negozioen tasazioak ordaindu zituztela salatu zuten hainbat enpresarik.
Lehen ikerketen arabera, Espainia osoan iruzur mota hau egiten zuten hainbat talde zeuden.
Enpresariekin harremanetan jartzen ziren, eta kredituak emateko bitartekari lanak egiten zituztela sinetsarazten zieten. Jarraian, eurekin lan egiteko aukera ematen zieten, komisiodun gisa. Horrela, milioika euroko hipotekak emateko aukera ezin hobetzat saltzen zuten produktua.
Kreditua onartuta, sareak tasazio bat eskatzen zien mailegua emateko baldintza bezala. Horretarako, finantza entitatearen tasazio enpresaren bidez egitea proposatzen zuten, prezioan beherapena eginez.
500 eta 20.000 euro arteko tasazioak izaten ziren, ondasunen, negozioaren eta eskatutako kopuruaren araberakoak.
Atxilotutakoei sare kriminaleko kide izatea, dokumentuak faltsutzea eta iruzur egitea egozten diete.