Gizartea -
Hondartza denboraldia
Euskadiko hondartza gehienetan bainatu ahal izango da
Salbuespenak hauek dira: Toña (Busturia) eta Karraspio (Mendexa), Bizkaian, eta Ondarbeltz (Mutriku), Gipuzkoan.
Erredakzioa
Euskadin, 38 hondartza eta bainutoki daude, eta horietako gehienetan egingo da, aurtengo hondartza denboraldian, bainatzeko aukera, hauetan izan ezik: Toña (Busturia) eta Karraspio (Mendexa), Bizkaian, eta Ondarbeltz (Mutriku), Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko hondartzen eta urtegien egoeren berri eman du. Izan ere, joan den larunbatean bainurako denboraldiari hasiera eman zioten horietako askotan. Gainerakoetan, larunbat honetan hasiko da.
Bizkaia
Bizkaian, ia hondartza gehienek dute ur kalitate bikaina, eta horietan guztietan bainatu daiteke, Toñan (Busturia) eta Karraspion (Mendexa) izan ezik. Horietako urek ez dute kalitate maila nahikorik.
Bizkaiko 21 hondartzetatik, 15ek ur kalitate bikaina dute eta bainua librea da: Arena (Muskiz); Ereaga eta Gorrondoatxa (Getxo); Barinatxa/Solondota eta Arrietara-Atxibiribil (Sopela); Plentzia; Gorliz; Bakio; Aritxatxu (Bermeo); Laida eta Laga (Ibarrangelu); Ogeia (Ispaster); Isuntza (Lekeitio) eta Arrigorri (Ondarroa).
Areeta eta Arrigunagan (Getxo), Laidatxun (Mundaka), Abiñan (Busturia), eta Ean, ordea, uraren kalitatea nahikoa besterik ez da, eta bainua arduraz hartzea gomendatu dute; hau da, urperatze bizkorrak egin, eta ondoren dutxatu.
Gipuzkoa
Gipuzkoan, hondartza hauek uraren kalitate bikaina edo ona dute: Hondarribia, Zarautz, Gaztetape (Getaria), Itzurun (Zumaia), Santiago (Deba) eta Mutrikuko igerileku berria.
Ondarbeltzen (Mutriku) bainatzea debekatu egin dute, eta gainerakoetan arretaz egitea gomendatu dute: Antilla (Orio), Malkorbe (Getaria), eta, Mutrikun, Saturraran eta igerileku zaharra.
Araba
Araban, bainu denboraldia datorren larunbatean hasiko da, eta urtegi guztien ur kalitatea bikaina da. Beraz, bainua librea da toki guztietan: Garaion, Landan eta Zuhatzan.
Hondartza denboraldiak irailaren 30era arte iraungo du, eta, harearen egoera eta eskaintzen diren zerbitzuak ikertzeaz gain, Osasun Sailak uren kalitatea ere aztertuko du astero, astelehenetan, denboraldia bukatu arte.